argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Euskalduna zubipetik kanporatutako gazteak, berriz kale gorrian
  • Bilboko Udaltzaingoak zubipean eraikitako etxoletatik kanporatu zituen hainbat gazte migratzaile. Gizarte Zerbitzuak aterpe eman die horietako zenbaiti zazpi egunez, baina Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak salatu du kale gorriak direla berriz. Are, balizko aterpe hura galdu dute aterpetxean egondako tartean, udalak bertara sarbidea itxi baitu.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko otsailaren 10a

Urtarrilaren 29ko ostiralez, Bilboko Euskalduna zubipean txaboletan bizi ziren gazte migratzaileen aurka esku-hartu zuen Bilboko Udaltzaingoak. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak salatu zuen gertakaria, eta kasuaren eboluzioari jarraipena egin dio. OEEk jakitera eman zuenez, urtarrilaren 29an udaltzaingoek euritik babesteko zerabilten olana handi bat kendu zieten gazteei, eta biharamunean, goizeko 08:00ak aldera, berriz bertaratu ziren hainbat agente, txaboletako bizilagunak etxegabetzera. Udaltzainek tokia utzi behar zutela jakinarazi zien, eta astelehenera arteko epea eman zien horretarako, Berriako kazetari Gotzon Hermosillak jakinarazi zuenez.

OEEk salatu zuen etxegabetzea gauzatu zuten momentuan, udaltzainek ez zietela alternatibarik eskaini gazteei. Plataformaren jarraibideak segiz, gazteek Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzura (GLUZ) jo zuten. Hermosillak bildutako informazioaren arabera, hasieran beraientzako tokirik ez zutela erantzun zieten, baina tarte baten buruan udal aterpe batean lo egiteko aukera eskaini zien, soilik zazpi egunez.

Zubipean lo egiten zuten zenbait gaztek Altamira auzoko aterpetxean pasa dituzte zazpi gau. Baina epe hori pasata, gazteak berriz ere kale gorrian egotera igaro direla jakinarazi zuen astelehenean OEEk. "Bien bitartean, udalak egoera probestu du zubipera sarbidea mozteko". Bertatik kanporatutako gazteei, beraz, eragotzi egin zaie aterpetzat zeukaten tokira itzultzeko aukera.

OEEko Ana Elena Altunak Berriako kazetariari azaldutakoaren arabera, "batzuetan, kalean bizi den jendeak badu bere txokoa baztertxoren batean (...) aterpetxe batean zazpi egun egiteko aukera ematen diete, eta ez dute nahi, badakitelako irtendakoan baztertxo hori galduko dutela, udal zerbitzuek desmuntatu dutelako edo beste batzuek lekua hartu dutelako". Gazte hauek ere horren beldur zirela adierazi zuen Altunak, eta bistan da beren susmoak errealitatean oinarrituak zeudela.

Txaboletatik kanporatutakoak gazteak dira oso. Hermosillak bildu zituen haien datuak, eta jakinarazi zuenez gazteenak 18 urte bete zituen urrian, eta nagusienak ez ditu izango 22 urte baino gehiago. Denak dira migratzaileak.