Bilbo Zaharreko bost pertsona etxe kaleratze arriskuan daude etxejabe handi baten abusuen ondorioz. AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak darama kasua, eta salaketa publiko egitea erabaki du. Egoera gaitzetsi eta kaltetuei elkartasuna adierazi asmoz, elkarretaratzea antolatu du ostiralean.
Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak elkarretaratzea antolatu du ostiralean, 19:30ean, Mariaren Bihotza plazan. Etxetik kanporatuak izateko arriskuan dauden Bilbo Zaharreko bost auzokideren egoera salatuko dute, kaltetuei elkartasuna adieraztearekin batera.
Azaldu dutenez, bost pertsona horiek arriskuan daude hainbat etxebizitzaren jabe den pertsona batek jazarri dituelako. Etxejabeak hirian hamar "etxebizitza patera" baino gehiago dituela eta horiek kontraturik gabe alokatzen dituela aurreratu du Etxebizitza Taldeak, eta jabearen abusuen zerrenda osatu du: pertsona migratuen egoera zaurgarriaz aprobetxatzea, alogerekoak mehatxatzea eta estutzea, erroldatzeagatik edota alokairu kontratua egiteagatik plusak kobratzea, ordaindu ezin duten maizterrei askotariko mehatxuak egitea –erroldan baja emango diela esanez, hustubideak apurtuz, bonbilak kenduz–, edota espazio murritzean pertsona asko sartzea; 70 metro karratuko etxebizitzan hamaika pertsona sarrarazi dituela dela dio AZETek.
Hori gutxi ez, eta bere jabetzakoak diren etxeetatik alde egin arren ere, jabeak hainbat pertsona jazartzen segi ohi duela zehaztu dute. Bere etxebizitzaren batean erroldatua dauden maizter ohiei errolda mantentzeagatik kobratzen die, eta jaso ohi duten diru-laguntzaren zati batekin geratu ohi da.
Abusu horiez gain, "txiroen arteko gerra" bultzatzea ere leporatu dio AZETek etxejabeari. Salatu dutenez, etxebizitza zelatatzea eta kontrolatzearen truke, "beherapenarekin" eskaintzen dizkie logelak zenbait pertsonari.
Egoeraren larritasuna ikusirik, Etxebizitza Taldeak erabaki du kasuari buruzko kanpaina publikoa abiatzea.