argia.eus
INPRIMATU
Bilboko etxegabetzearen aurka protestan ari direnen kontra oldartu da Ertzaintza
  • Ostiral goizerako zegoen ezarrita etxegabetzea eta horren kontrako protestara dei egin du Bilboko Etxebizitza Sindikatuak. Protestan ari direnen aurka oldartu da birritan Ertzaintza, eta dagoeneko pertsona bat atxilotu du, Gedar-ek jaso duenez. Etxegabetzea burutu dute.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 26a
Ertzaintzaren kargen irudia // Argazkia: Gedar

Bilboko Udalak Txurdinagako auzokide bat etxetik botako zuela jakinarazi zuen Bilboko Etxebizitza Sindikatuak pasa den astean. Ostiralerako zegoen ezarrita kaleratzea eta goizeko 09:00etarako Julian Gaiarre kaleko 4. zenbakian elkarretaratzea egin du sindikatuak.

Gedar-ek sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daitekeen modura, goizeko 7:30ean bertaratu da Ertzaintza eta ordurako “dispositibo handia prest” zutela salatu dute. Sindikatuko kideak protestan hasi bezain orduko izan dira lehendabiziko kargak, eta protestan parte hartzen ari zen pertsona bat ere atxilotu du Poliziak.

“Etxegabetzeak gelditu” ozen oihukatu dute protestara bertaratu direnek baina udaltzaingoak goizeko 9:30 aldera Bilboko Udalaren aginduz etxegabetzea burutu duela jakinarazi dute. Bitartean, protestan zeudenei bigarrengoz oldartu zaie Ertzaintza.

Hona hemen Gedar-ek sare sozialetan zabaldutako irudiak: