Bilboko Etxeberria parkean sei gizonek bortxatu zutela salatu zuen 18 urteko emakume batek iazko abuztuaren 2an. Orain, epaileak kasua artxibatzea erabaki du baina ebazpena ez da behin betikoa, eta helegitea jartzeko aukera dago.
Abuztuaren 2an ertzainek sei gizon atxilotu zituzten, sexu erasoa egitea egotzita. Horietako bi espetxeratu zituzten, baina bat egun gutxira askatu zuten eta beraz, gizon bat da orain arte espetxean egon dena: epaileak erabaki zuen espetxean mantentzea, emakumeak egindako erasotzaileetako baten zaurien deskribapenak bat egiten zuelako gizon honen zauriekin.
Bilboko 4. instrukzio epaitegiak talde bortxaketa kasu hau artxibatzeko eman dituen argudioen artean, adierazi du "kontraesanak" daudela salaketan esandakoaren eta ikerketan orain arte jaso dutenaren artean, eta "ez dago oinarri nahikorik deliturik egon zela frogatzeko".