argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Etxarri gaztetxearen hustea momentuz bertan behera geratu da
  • Gaurko iragarrita zegoen Bilboko Errekaldeko Etxarri II Gaztetxearen aurkako hustutze agindua eta ostiral goizean hala egiten saiatu dira. Halere, idazkari judiziala ez da gaztetxera azaldu eta beraz prozesua geldituta geratu da oraingoz.

Axier Lopez @axierL 2020ko urriaren 23a
Goizean gaztetxearen inguruan jendea biltzen hasi da husteko arriskuaz jakitun. Argazkia: Etxarri II Gaztetxea

"Auzoaren beharrei kolektiboki erantzun nahian" okupatu zuten 2014ko udan egun Etxarri Gaztetxea izenez ezaguna den espazioa. 2016ko azaroan Bilboko Udalak gaztetxea ixteko agindua luzatu zuen, espazio horrek "segurtasun-neurriak betetzen ez zituela leporatuta". 2018ko martxoan ordea, gaztetxea "berreskuratzea" lortu zuten.

Urriaren hasieran jaso zuten berriz lekua husteko agindua, gaurko iragarrita zegoen eta gaur goizean Ertzaintza eta hainbat udaltzain gaztetxe ingurura hurbildu dira hustea egiteko asmoz, gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez.

Goizean goiz gaztetxe inguru babesa adieraztera hurbiltutako jendez hurbildu da, gaztetxeko kideen deialdiari erantzunez. Gaztetxea husteko agindua jakinarazi behar zuen idazkari judizialaren zain orduak egin dituzte, eta azaldu ez denez "gaurkoz desalojoa gelditzea" lortu dutela adierazi dute Etxarri gaztetxeko kideek. Hurrengo ordu eta egunetan zer gertatuko den ez dakitela gehitu dute.

"Indarrak batu, Etxarri Gaztetxea defendatu" lelopean, kontzentrazioa egin zuten ostegunean.