Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Ez da egoera berria, aspalditik ditu arazoak Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko STI (sexu-transmisiozko infekzio) zentroak. Alfonso Setiey Anitzak LGTBIQA+ eskubideen aldeko elkarteko lehendakariaren hitzetan, auzia “ziklikoa” da: “Adabakiak jarri eta beste lekuetatik sortzen dira arazoak”. Lehendakariak salatu duenez, zentroa “gainezka” dago eta ezin diete erabiltzaileen beharrei erantzun: “Ez dituzte deiak hartzen eta inbutu bat sortzen da”.
Zenbait arazo aipatu ditu; tartean, langile eta espazio falta. Hori dela eta, zerbitzuaren kalitatea “kaskartzen” ari da. Izan ere, egun anbulatorioak eskaintzen duen espazioan soilik bi pertsona artatu ditzakete aldi berean; jendea pilatu egiten da eta emaitzak jasotzeko denbora “geroz eta luzeagoa” da. Horrez gain, errotazioen ondorioz “oso prestatuta” dauden langile “asko” joan behar izan dira: “Langileak oso jatorrak dira. Ahal duten guztia egiten dute, ordu pila bat sartzen dituzte eta ez gaituzte txarto tratatzen. Aitortza merezi dute”.
Bi modu daude hitzordua eskatzeko, anbulatorioan bertan edo telefonoz: “Jendeak deitzen duenean, ez die inork hartzen. Orduan, dramak eta galderak sortzen dira: ‘Zerbait izanen dut? Inork ez du hartzen. Ez dakit nola egin’. Medikuarenera joan, eta Suhiltzailearen anbulatoriora joateko esaten diete. Inork ez du hartzen eta ibilbidea luzatzen eta luzatzen da”.
Zentralizazioa pazienteen kalterako
Anbulatorio bakarrean zentralizatuta dago arreta. Horrek eta gainerako gaitzen bidetik ez artatzeak estigmatizazioa “handitzen” duela dio: “Ematen du soilik LGTBIQA+ komunitateari eragiten diola, baina heteroek ere sexu-transmisiozko infekzioak dituzte”.
Bilbo-Basurtuko ESIko kanpoko pazienteen farmaziaren garrantzia azpimarratu du Anitzak elkarteko lehendakariak. Bizkaian Prep botika –GIB birusaren esposizio aurreko profilaxia– hartu daitekeen leku bakarra da: “Ordutegia oso mugatua da. Goizez irekita dago, baina arratsaldetan ordu eta erdiz soilik. Ordutegi horiek ez dira irisgarriak. Zergatik ez dituzte horretarako langile gehiago jartzen arratsaldetan?”. Hiru hilabeterako botika ematen dute.
Elkarteak salatzen duena aspalditik datorren auzia bada ere, irailetik aurrera okerrera egiten ari dela sumatu dute: “Geroz eta kexa gehiago jasotzen ari gara”. Erabiltzaileei Osakidetzan kexak jartzeko esaten diete eta elkarteak ere kexa ugari idatzi ditu; hala ere, ez dute aldaketarik sumatu: “Osakidetzak badaki zein den arazoa, baina ez du gehiago egiten”.