Musika taldeei informazioa bidaltzeko eskatu diete, generoa, hizkuntza eta beste hainbat irizpide kontuan hartuta. Musika taldeak ezagutarazi eta horiek autogestiora bultzatzea dute helburua.
Bilboko eta inguruetako musika taldeak bultzatu eta horiek aktibazio sozialean murgiltzeko dinamika bat abiatu du Kaskagorri konpartsak. Hasteko, musika talde gazteen zerrenda bat egiten ari dira, eta horretarako, haien taldeari buruzko informazioa bidaltzeko eskatu diete musika talde gazteei. Honako informazioa bidali beharko da kaskamusikeroak@gmail.com helbidera: izena, adin tartea, musika generoa, sexu proportzioa eta auzoa edo herria. Bestalde, irizpide batzuk lehenetsiko dituzte, esaterako, euskaraz abestea, sexu proportzioa edo abesti propioak edukitzea, esaterako.
Helburu bikoitza du dinamikak, Kaskagorrik azaldu duenez. "Alde batetik, Bilboko taldeak ezagutaraztea eta jotzeko aukera ematea da, taldeak aurrera ateratzeko ezinbestekoa dena. Eta bestetik musika taldeen aktibazio sozial bat ere bilatzen dugu, autogestio ikuspegi batetik haien proiektuak aurrera ateratzeko eta haien aldarriak plazaratzeko".
Zerrenda egin ondoren, beste hainbat dinamika ere proposatuko dituzte. Esaterako, egindako zerrendarekin Bilboko Aste Nagusian plaza eskaini nahi diete inguruetako talde gazte horiei. Entsegu lokal autogestionatuak bultzatzea eta kontzertuak antolatzera begirako proposamenak ere badauzkate esku artean, aurreratu dutenez.
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra