IAko eta ikasle mugimenduko zenbait eragiletako kideek agerraldia egin dute Bilbon astearte arratsaldean. Ikasturtea egoitza erabiltzeko aukerarik gabe hasteak “arazo larriak” ekartzen dizkiela adierazi dute. Biltzeko proposamena egin dio egoitzaren jabegoa duen Euskal Ikasleen Erakundeko zuzendaritzari, “aterabide bat lortzeko asmoz”.
Hasteko, iragan urteko hainbat gertaera gogoratu dituzte IAko ordezkariek. Haien esanetan, hamarkadetan ikasle mugimenduak erabili du Erronda kaleko egoitza. Salatu dute Sortuk “mugimendu irregularrak” baliatuz hartu duela jabetza, bere esanetara “subordinatzen ez den mugimendua ekonomikoki itotzeko helburuarekin”. Gertaera nagusia Sortuk Euskal Ikasle Erakundea elkarteko zuzendaritza aldatu izana litzateke, beren hitzetan, “bazkide garenon bizkarrera”. Gertakariak zehaztasunez ezagutzeko IAren webgunera jotzea gomendatu dute.
Egoitza hori ikasle mugimenduaren “oinarrizko sostengua” dela azaldu dute. Ikasturte berri honetan erabili ezinak, “Ikasle Abertzaleon eta ikasle mugimenduko hainbat eragileen lan politiko eta sindikala oztopatzen du”, adierazi dute.
Konponbide proposamena
“Aterabide bat lortzeko asmoz”, Euskal Ikasleen Erakundeko “asanblada orokorrean” parte hartzera gonbidatu dute elkarte horren zuzendaritza IAko ordezkariek –Sortuko militante bezala identifikatzen dituzte aipatu zuzendaritzako kideak–. Urriaren 3an egingo da asanblada orokorra.
“Konponbidea hamarkadaz hamarkada egoitza kudeatu duen Ikasle Abertzaleakek eta egoitza erabili duten ikasle mugimenduko eragile guztiek egoitza erabili ahal izateko bermeak jartzean datza. Horregatik, Euskal Ikasleen Erakundearen zuzendaritza eta kudeaketa IAren eskuetara itzultzea da Sorturi exijitzen dioguna”, amaitu dute agerraldia.