argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Erribera 13ko eraikin okupatua aurki irekiko dute
  • Etxebizitzaren arazoa salatzeko okupatu zuten eraikina eta larunbatean egin zuten publiko etxe okupatuko “errealitate berria”. Egun gutxiren buruan pertsona guztiek gozatzeko espazioa ireki nahi dute.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko abuztuaren 07a
Erribera 13ko eraikina okupatu zute orain lau bat aste, etxebizitzaren arazoa salatu eta eredu berriak sortzeko.

Bilbao 2013 ekimeneko kideek okupatu zuten eraikina orain lau bat aste. Lehen egunetan ateratako oharrean azaldu zutenez, “prezio itzelek, hipoteka eta alokairu ordainezinek etxerik gabe geratzera kondenatzen dituzte bilbotarrak, eta egoera hori eraldatu asmoz, pertsona guztientzako izango den eta ateak zabal-zabalik izango dituen espazio bat sortzera goaz, non gure bizitzen jabe izaten ikasiko dugun”.

Erantzuleak ere seinalatu zituzten: “Batzuen miseriaren kontura aberasten diren espekulatzaileak eta euren interesei men egiten dieten politikari ustelak”.

Eredu bezala 1970eko hamarkadako Italiako “Lotta per la Casa” etxebizitzaren aldeko batzordea eta Sevillako “Korralak” azpimarratu zituzten, besteak beste.

Eskerrak eman dituzte

Argitaratu duten azken prentsa oharrean eskerrak ematen dizkiete inguratu diren pertsona guztiei, proiektuan parte hartu dutenei eta bereziki Bilboko Alde Zaharreko bizilagunei, emandako babesagatik.

Jaio berria den espazioa “apuntalatu” eta “finkatzeko” denbora behar dela esan dute, baina ilusioz agertu dira ekimeneko kideak. Egun gutxi barru ateak zabalduko dituztela esan dute.

Erribera 13ko eraikinaren sorrerak egungo eredu ekonomikoaren inguruko eztabaida pizteko eta alternatibak sortzeko balioko duela adierazi dute. Bilboko Alde Zaharrean hasitako bidea beste proiektu batzuetarako eredu bezala ikusten dute.