Bilboko Errekalde auzoan gizon beltz bati egindako eraso arrazista salatu du Bizkaiko SOS Arrazakeriak. Biktima Basurtoko ospitalera eraman behar izan zuten, sei gazteren artean jipoia jaso eta gero.
Bizkaiko Sos Arrazakeriak prentsa ohar bat zabaldu du ostegunean, otsailaren 13an Bilboko Errekalde auzoan gizon beltz bati egindako eraso arrazista “bortitza” salatzeko. Biktima 52 urteko gizonezko beltz kolonbiar bat da.
Gertakariak 20:30ak aldera jazo ziren, biktima Sollube kaleko etxebizitza bateko lagun bat bisitatzetik zetorrenean. Ataritik irten zenean, txakurrarekin zihoan 24 urteko mutil gazte batek han bizi ote zen galdetu zion. Gizonezkoak ezetz erantzun eta lagun baten etxetik zetorrela azaldu zion. Ondoren, auzokoak bertan zer egiten zuen galdetu zion eta biktimak bere joan etorrien berri eman behar ez ziola erantzun zion. Gazteak hala erantzun zion: "Txakurrak zaunka egiten badu, batere ona ez den kontu baten ondorioz izango da".
Biktima bere autora zihoala gaztea atzetik joan zitzaion, behin eta berriz bertan zertan zebilen galdetuz. Esperanto eta Leon de Uruñuela kale-kantoian gazteak pertsiana baten kontra zokoratu zuen, lepotik helduta. Biktima ihes egiten saiatu zen eta erasotzailea "lapurra!" oihukatzen hasi zen.
Une horretan, erasotzailearen lagunak agertu ziren eta guztien artean hura jipoitzeari ekin zioten, 20 eta 25 urte bitarteko sei gazte ziren, bost gizon eta emakume bat. Biktimak aurpegian eta gorputzean kolpe ugari jaso zituen eta ihes egitea lortu zuenen korrika joan zen Serantes kaleraino. Bertan erasotzaileetako batek berriz harrapatu zuen, kamiseta urratu eta lurrera bota zuen. Espaloiko zutoinaren kontra belaunean eta buruan kolpe handia hartu zuen biktimak.
Handik gutxira, Udaltzaingoen patruila bat agertu zen kasualitatez eta anbulantziari deitu zion. Biktima Basurtuko ospitalera eraman zuten. Lesioen partean agertzen denez, honako zauri hauek zituen: garezurreko traumatismoa, toraxeko traumatismoa, aurpegiko zauriak, belauneko kontusio eta zauria, polikontusioak eta hortz baten haustura.
SOS Arrazakeria elkarteak , "eraso arrazista" izan dela salatu du. Gertakari horrek, "bestelako arrazen ezaugarriak dituzten herritarrek jasandako indarkeria iraunkorra eta egiturazko diskriminazioa" argi eta garbi erakusten duela azpimarratu du. "Horrelako jokabideak ezin dira inolaz ere onartu eta gertaera horiek irmotasunez gaitzesten ditugu", adierazi dute elkarteko kideek eta hauek ikertzeko eta zigor barik ez uzteko eskaera egin dute.