Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten duten diskurtsoekin apurtzea eskatzen dugu".
Bilboko eraso homofoboa abiapuntu hartuta, Isa González legebiltzarkideak galdera ugari egin dizkio Jaurlaritzari, idatziz erantzuteko: zenbat eraso LGBTIfobiko kuantifikatu zituzten 2023an EAEn eta gora egin al dute erasoek? Kasu batzuk ezkutuan geratzen direla jakitun, datu erreala lortzeko ahalegin handiagoa egiteko asmorik al du Jaurlaritzak? Eraso LGBTIfobikoei aurre egiteko zein neurri hartzea aurreikusten du Jaurlaritzak? Eraberean sarea nahikoa ezaguna al da, kolektiboko jendeak jotzen al du bertara erasoak salatzera, nola ezagutarazi sarea, nahikoa baliabide al ditu?
Eraberean sarea Eusko Jaurlaritzaren baitako sarea da eta diskriminazio egoerak jasan dituztenei laguntzea du helburu. Funtzioen artean ere baditu, besteak beste, prebentzioa, pedagogia, kontzientziazioa eta sentsibilizazio soziala.
Disidentzia sexualek sistema zisheteropatriarkala kolokan jartzen dute eta "horregatik, gure aurkako gorrotoa eta biolentzia areagotu egin da, askotan instituzioen eta hedabideen laguntzaz"
"Ez dago erantzun polizial posiblerik"
LGBTI+ kolektiboak zer eskatzen dio administrazioari? EHGAM Bilbo+ taldeak ARGIAri erantzun dionez, zisheteronorma eta binarismoa babesten duten diskurtsoekin apurtzea, diskurtso horiek "gure bizitza arriskuan" jartzen baitute, "gure existentzia ukatzera heltzen dira". Azken buruan, disidentzia sexualek sistema zisheteropatriarkal hori kolokan jartzen dute eta "horregatik, gure aurkako gorrotoa eta biolentzia areagotu egin da, askotan instituzioen eta hedabideen laguntzaz". Gorrotoaren diskurtso eta praktikak elkar lotuta doazela ulertzen du taldeak: "Feminismoak eta transfeminismoak aurrera egin duen honetan, erantzun erreakzionarioa, hau da, faxista, antolatu eta handitu egin da: matxismoa, transfobia, homofobia... Gorroto eta praktika horiek apurtzea beharrezkoa da".
Arazoa egiturazkoa dela eta erasoen aurrean erantzun polizial posiblerik ez dagoela garbi utzi du taldeak.
Sudurra apurtu zioten 23 urteko Asierrek berriz, erasoak jasaten dituztenen ahalduntzean jarri zuen fokua, ARGIAri emandako elkarrizketan: "Erasotzaileak ezin dira erantzunik gabe geratu, erantzun fisikoa edo ahozkoa, baina erantzuna, zeren zure burua kikildu dezaten uzten baduzu, kikilduta emango duzu bizitza osoa".