argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak zalantzan jarri du Bilboko eraso faxistaren egiazkotasuna, baina pertsona bat inputatu du
  • Erasoa jasan zuen adin gutxikoak ustezko erasotzailea identifikatu du eta Ertzaintzak "formalki" inputatu du salaketa horren ondorioz. Nolanahi ere, zenbait hedabidek zabaldu dutenez poliziek erasoaren egiazkotasuna zalantzan jarri dute.

ARGIA @argia 2015eko irailaren 02a

Pasa den astean bilbotar gazte bat jipoitu eta ikur naziak egin zizkioten larruazalean hainbat ezezagunek. Zauri horien ezaugarriak aztertu ondoren salaketa faltsua izan litekeela uste dute polizia agenteek, EFE agentziaren arabera. Segurtasun Sailak ordea ez du halako daturik eman, baina zehaztu du pertsona horren inputazioa "salaketaren ondorio zuzena" dela.

Bilbotar gazteak ustezko erasotzaileetako bat identifikatu ei du. Arangoiti auzoko harrera zentro batean lan egiten duen ultraeskuindar bat da, beti ere bertsio horren arabera. Iturri antifaxisten esanetan pertsona hori oso ezaguna da Bilbo inguruan izan diren ekitaldi eta ekintza neonazien atzean egoteagatik. Besteak beste, 2012ko urriaren 12an Bilbon hainbat talde ultraeskuindarrek antolatutako bilkuran izan zen eta sare sozialetan bere irudia zabaldu da.

Pasa den neguan Deustuko mugimendu antifaxista harremanetan jarri zen harrera zentroa kudeatzen duen Lagun Artean eliz-elkartearekin eta ohartarazi zion ideia neonaziak zituen pertsona batek egiten zuela berekin lan.

Ekintza faxistak ugaritzen

Bilboko jaietako txosnetatik bueltan goizalean etxera zihoala eraso zuten gaztea hiru faxistek eta svastika eta “88” zenbakia –HH edo Heil Hitler– egin zioten besoan. Ekintza hori “gertakari bakan” moduan deskribatu du Bilboko alkate  Juan Maria Aburtok eta Udala Ertzaintzaren txostenaren zain dago zer egin erabakitzeko.

Arangoiti eta Deustuko talde eta herritar ugariren ustez, ordea, ultraeskuindarren ekintzak ugaritu egin dira auzo horietan, hala nola pintaketak eta pankartak. Udalean oposizioan dauden EH Bildu, Udalberri eta Ganemos alderdiek udal gobernuari lehenbailehen mugitu dadila eskatu diote, erasoa salatu eta halakorik berriro gertatu ez dadin neurriak hartzeko.

Arangoitin faxistek egindako pintaketa bat eta asteburuko erasoaren kontra auzotarrek egindako bilkuraren irudiak: