Bilboko epaile dekano Aner Uriarteren arabera neurria “nor den nor” identifikatzeko eta emakumeak babesteko eta ez birbiktimizatzeko da. Bizkaiko Abokatuen Elkargoak salatu du ez direla errespetatzen errugabetasun printzipioa eta “duintasuna”.
Emakumeen aurkako Indarkeriaren Bilboko bi Epaitegiek salatuei kolore-bereizgarriak jartzea onartu dute. Bilboko epaile dekano Aner Uriartek Efe agentziarekin hitz egin du, eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoak egindako kexari erantzun dio, zeinak salatu duen ikertuen errugabetasun presuntzioa urratzen eta “duintasuna” kolokan jartzen dela, eta “aulki-zigor aurreratura” eramaten dituela. Bereizgarriak ikertuei eta euren abokatuei aplikatuko zaizkie, eta Uriartek azaldu du neurriaren helburua emakumea babestea eta ez birbiktimizatzea dela. Funtzionarioek kasu bakoitzean “nor den nor” jakiteko aplikatu dela argudiatu du Bilboko epaile dekanoak, eta salatua eta salatzailearen elkartzea eragozteko. “Gogorra bada zure bikotekidea edo bikotekide ohia kartzelara eraman dezaketen gertakari batzuk salatzea eta egoztea, are gogorragoa da epaitegian bat-batean topatzea haren aurka deklaratu behar duzunean”, adierazi du Uriartek.
Uriartek nabarmendu du neurriaren aplikazioa epaitegietan izandako “jazoeraren baten” ondoren iritsi dela. Epaile dekanoak esan du neurria aitzindaria dela Espainiako Estatuko epaitegietan, eta ez dela arau bat, baizik eta “Emakumearen aurkako Indarkeriaren Epaitegiek beren autonomian eta independentzian hartutako barne-antolaketa forma bat, inolako baimenik behar” ez duena.
Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren kexari dagokionez, adierazi du ez dagoela ados adierazi dutenarekin, alegia, neurri horrekin errugabetasun-presuntzioa errespetatzen ez dela, “berdina delako, kolorearekin edo kolorerik gabe”, eta argudiatu du “magistratuek delituen zantzuak aurkitzen badituzte bakarrik" hartuko dituztela neurriak. Elkargoa kexu azaldu da abokatuek ere bereizgarri horiek eraman behar dituztelako, eta Uriartek esan du “publikoki ezaguna” dela abokatuek bezeroen defentsa egiten dutela.
Abokatuentzat, “juridikoki eta etikoki gaitzesgarria”
Bizkaiko Abokatuen Elkargoak kexa bidali dio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari. Abokatuek horrelako bereizgarriak "berehala kentzeko" eskatu dute komunikatu baten bitartez, eta salatu dute neurri horrek "markatuta eta seinalatuta" uzten dituztela ikertuak epaitegi horietarako gainerako pertsonen aurrean. Salatu dute erabakia "neurrigabea eta alferrikakoa” eta “juridikoki eta etikoki gaitzesgarria” dela, eta “ez duela lege-euskarririk eta zuzenbide-estatu baten printzipioen aurkakoa” dela.
Abokatuei bereizgarria jartzea adierazi dute “errespetutik eta adeitasunetik erabat urrun” dagoela, eta “desegokia eta alferrikakoa" dela, jada identifikatzeko eta auzitegietara sartzeko lanbide-txartela dutelako.
Abokatuek Lakuako Exekutiboari eta Bizkaiko Idazkaritza Koordinatzaileari ere kexa bidali diete. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epaileei helaraziko die kexa, eta ondoren hartuko dute erabakia.