argia.eus
INPRIMATU
Bilboko elizbarrutia “behar diren ikerketak” egiten ari da hogei sexu abusuren inguruan
  • Bizkaiko Elizbarrutiak bere gain hartu du elizaren baitan eman diren sexu abusuen ("gehiegikeriak" aipatzen ditu hark) "erantzukizuna". 2019an sortutako batzordeak hogei salaketa ditu mahai gainean, eta horietatik seik elizbarrutiko apaizekin dute lotura. Hala jakinarazi dute asteburuan emandako mezetan.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 21a
Carlos Olabarri abadea, Gernikan, Bikaritza Nagusiaren oharra irakurtzen / Bizkeliza.org

"Zabalik dagozan gehiegikeria kasuen inguruko ikerketak dirala-ta Jesukristoren Ebanjeliotik, Egia eta Argia sinisdunontzat. Gure Eleizan gertatutako gehiegikerien kasuen inguruan eta jardunean dagozan ikerketak dirala-ta berba bi", hasten da apaizek asteburuan irakurritako oharra.

"Lehenengo eta behin, geure gain hartu gura dogu dagokigun erantzukizuna. Zabalduta dagoan gertaerak izan arren, kargu hartu behar deutsagu, gizartearekiko daukaguzan ardura moral zehatzei aurrea emonda. Biktimei entzutea, kasuak ikertzea, kalteak zuzentzea eta batez be, edozein eratako gehiegikeria jasan dauanaren zauriak sendatzea gurako geunke. Barru-barruko saminak ez dau sekula preskribitzen". Elizabarrutiak gogorarazi du gertatu dana argitu aldera Adin Txikikoen Babeserako eta Abusuen Prebentzinorako Batzordea eratu zuela 2019an, eta hogei salaketa jaso dituztela oraingoz, horietatik sei apaizei lotuak. "Batzordea behar diren ikerketak egiten dabil barrura begira".

Kasu batzuetan, ikerketen "independentzia" bermatzeko, kanpoko erakundeen kolaborazioa eskatu du elizak. "Salaketak iraganetik ikasteko modua emoten deuskue, honako gertaera eskandalagarriak inoiz gehiago ez daitezan ezkutatu ezta errepikatu be", azaldu du. Hala, dei egin die "gehiegikeriak" jasan dituzten guztiei, edo inguruan kasuren bat ezagutzen dutenei, aipatu batzordearekin harremanetan jartzeko e-posta (protecciondemenores@bizkelizaorg) edo beste bide batetik.