argia.eus
INPRIMATU
Bilboko ekintzaile bat epaiketara, Mozal Legearen aurkako protesta batean Mozal Legeaz zigortua izan ostean
  • Bilboko mugimendu sozialeko bi kide epailearen aurretik pasa dira ostegunean, bata zein bestea Mozal Legeaz zigortuta. Arkaitz Zarragaz gain, Eduardo Gonzalezek ere epaiketa izan du; azken honi Mozal Legearen aurkako elkarretaratze batean aplikatu zioten Mozal Legea.

Amaia Lekunberri Ansola 2019ko abenduaren 12a
Auzipetuei babesa adieraziz eta Mozal Legea salatuz, elkarretaratzea egin dute epaitegien aurrean

Hau Pittu Hau konpartsako kide Arkaitz Zarragarekin batera, Mozal Legeaz zigortutako bigarren pertsona bat pasa da epailearen aurretik ostegun goizean, Bilbon. Sare Antifaxistako eta Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformako kidea da Eduardo Gonzalez, eta 2018ko martxoan jarri zioten isuna, Mozal Legearen aurkako elkarretaratze batean.

Plaza Biribilean elkarretaratzea egiten ari zirela jazo zen gertakaria. Ertzaintzaren furgoia bertatik igarotzean, bolante-kolpe batez plazara sartu eta berau identifikatu zutela kontatu du Gonzalezek. Ertzainek “jarrai gaitzazu, isuna jarriko dizugu eta” adierazi ziotela jaso du Publicok. Isuna jartzeko arrazoia, ertzainen arabera, elkarretaratzean “lotsa eragingo lidake polizia izateak” leloa entzun izana zen. Elkarretaratzea legeztatzearen arduraduna izanik, isuna Gonzalezi jarri zioten.

Isuna jartzen ari zirela, elkarretaratzean zegoen Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kide bat ertzainengana hurbildu zela azaldu dio Gonzalezek La Haineri. Adierazi duenez, gertatzen ari zena jarraitzera eta kontua nola konpon zitekeen aztertzera gerturatu zen abokatuaren aurrean, beren egiteko modua gustuko ez bazuten errekurtsoa aurkeztu zezatela esan zieten ertzainek. Hala egin zuten. “Urte betez helegite bat bestearen atzetik jarri ostean, epaiketa dugu Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian".

80 euroko isunaren harira hasitako auzibideak kostu ekonomikoarekin zerikusi gutxi daukala azaldu du auzipetuak: “Ez da diruagatik, baizik eta adierazpen askatasunagatik. Helegitea jarri dugu sentitu dugulako ez dela justua, salatzekoa dela. Bilatzen dutena zu mugatzea da, hurrengoan mobilizatu ez zaitezen”.