argia.eus
INPRIMATU
Bilboko bortxaketagatik atxilotutako lau gizon behin behinean aske uzteak kritika gogorrak eragin ditu
  • Clara Campoamor elkarteak eta Bilboko Bizilagun Elkarteen Federazioak auzipetuetako lau aske uztea kritikatu dute. Ostiralean milaka pertsonek bete zuten Arriaga plaza eraso matxista gaitzesteko. Igandean beste eraso bat gertatu da Gasteizen.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 05
Milaka lagun bildu zen ostiralean Arriaga plazan talde bortxaketa salatzeko. Argazkia: @BilbokoBf.

Talde bortxaketa egin izana leporatuta ostiral goizaldean atxilotutako sei gizonak larunbatean eraman zituen Ertzaintzak epaitegira. Larunbatean atxilotuei deklarazioa hartu ostean, zaintza epaileak igande goizean hartu du erabakia. Sei gizonen aurkako akusazioa bere horretan utzita, bi Basauriko espetxera bidali ditu eta beste laurak behin behinean aske utzi ditu. Azken horiek egunero sinatu beharko dute epaitegian.

Epailearen erabakiak kritikak piztu ditu. Clara Campoamor elkarteko presidente Blanca Estrella Ruiz auzipetuetako lau gizon behin behinean aske uztearen aurka azaldu da: "Sei basapizti hauentzat behin-behineko espetxealdia eskatuko dugu. Jarrera hauek geldiarazi egin behar ditugu". Auzi honetan herri-akusazio gisa arituko da Clara Campoamor elkartea. Bilboko Bizilagun Elkarteen Federazioko presidente Carlos Ruizek ere hitz gogorrak izan ditu. Akusazioa sei gizonentzat berbera izanik neurri ezberdinak hartzearen aurka azaldu da: "Zertan ari dira epaileak pentsatzen atxilotuetako lau aske uzteko? Zergatik egiten dituzte bereizketa horiek?". Erasotutako emakumeak erasotzaileekin kalean topo egin dezakeela nabarmendu du Ruizek.

Milaka pertsona sexu erasoen aurka

Ostiralean, mugimendu feministak deituta, milaka lagun bildu ziren ostiralean Bilboko Arriaga plazan erasoa gaitzetsi eta erasotutako emakumeari babesa adierazteko. “erasorik ez erantzunik gabe!” izan zen oihu errepikatuenetako bat.

Beste eraso bat Gasteizen

Larunbateko gauean sexu erasoa egin zuten Gasteizen. Ertzaintzak jakinarazi duenaren arabera, gauerdira aldera egin zuen erasoa gizonezko batek, gasolindegi baten inguruan. Ertzaintza erasotzailearen bila dabil.