argia.eus
INPRIMATU
Bilboko bi antimilitarista atxilotu dituzte Madrilen, nazioarteko armamentu azokaren aurkako protestan
  • Armamentu azoka nagusienetarikoa ari da gauzatzen Madrilen, eta beronen aurkako ekintza egin du azaroaren 4an ekintzaile antimilitarista talde batek. Poliziak hamalau pertsona atxilotu zituen, horietako bi Bilboko KEM-MOC talde antimilistaristako kideak.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko azaroaren 05
Argazkia: KEM-MOC Bilbo

Azaroaren 4ko ostegunez, 20 ekintzaile antimilitarista batu ziren Madrilen, Desarma Madrid kolektiboaren ekintzan parte hartzeko. Helburua: azaroaren 3tik 5era bitartean Madrilen gauzatutako Nazioarteko Defentsa eta Segurtasun Azoka (FEINDEF, Feria Internacional de Defensa y Seguridad) gaitzestea eta gerraren negozioak eragiten duen sufrimendua salatzea. Hain zuzen ere, azokan erakutsi eta saltzen diren armek gerrak pairatzen dituzten herrietan heriotza eta sufrimendua sortzen dutela seinalatu zuten.

Ekintzaileek odozleztaturiko hainbat objektu -arropak, maletak, peluxeak, biberoiak edota billeteak- jaurti zituzten azokaren ateetara, gerrek eta migrazio prozesuek eragiten duten sarraskia eszenifikatzeko. Horrez gain, isilean antzeztu zituzten gerrak eragindako hainbat egoera mingarri, eta hainbat pankarta ere zabaldu zituzten. "Gerra hemen hasten da, geldi dezagun hemen", "Armen azokari ez" edota "Kurduen genozidioa hemen hasten da" irakur zitekeen horietan.

Ekintzaren harira 14 pertsona atxilotu zituen Poliziak, horietako bi Bilboko KEM-MOC talde antimilitaristako kideak. Komisariara eraman zituzten identifikatzera, eta ordu batzuren buruan utzi zituzten aske. El Saltok jaso duenez, atxilotutako zortzi pertsonaren aurka zehapen-proposamena egin dute agintaritzari desobeditzeagatik. KEM-MOCek uste du isunak jarriko dizkietela, mozal legea aplikatuz.

Mundu mailako armamentu azoka handienetarikoa da FEINDEF, eta hirugarrenez gauzatu dute Madrilen.