Bilboko aretoa pinturaz zikindu dute Bilboko Ernaiko hiru kidek, sarera igo duten bideoak erakusten duenez. Martxoaren 7an Back&Stage-ko langileen arteko elkarrizketa bat zabaldu zen sare sozialetan non arduradunak langileei agintzen zien "moroei" sarrerarik ez saltzeko. Aretoko arduradunek mezua ez zela haiena adierazi zuten.
Ondorengoa da hilabetearen hasieran sarean mugitu zen WhatsApp talde bateko elkarrizketaren irudia. Han, ustez, Back&Stageko Harreman Publikoen arduraduna zirudien kide batek aginduak bidali zizkien gainontzeko langileei, tartean "jendilajeari eta marokiarrei" sarrerarik ez saltzekoa.
"Difamazioen aurrean beharrezkoak diren neurri legalak hartuko ditugu”, adierazi zuten ohar baten bitartez Back&Stage-eko arduradunek. Bilboko Ernai izan zen lehenetariko bat publikoki kasua salatu zuena. Mezu horiek Back&Stage-eko kideen artekoak zirela egiaztatu zutela adierazi zuen Bilboko Ernaik eta boikoterako deia luzatu zuen. Orduko salaketa hori atzo aretoraino eraman dute eta hiru kidek "Zuek bai zabora!" margotu dute atean.
Bilboko Ernaik zabaldutako oharrak dioenez, "jarrera arrazista, matxista eta klasista hauek oso ohikoak dira Bilbo eta Bilbo inguruko diskoteka eta eremu askotan, leku hauetan emakumearen gorputza erreklamo moduan saltzea oso ohikoa da, baina ez ditugu jarrera hauek onartuko, ez Back&Stage-n, ezta beste jai eremu edo gunetan ere". "Jai giroan non harremantzen garen eta kontsumitzen dugun" hausnartzeko deia luzatu diete Bilboko gazteei.