argia.eus
INPRIMATU
Bilboko auzo elkarteak, antenak jartzeko teilatua desjabetu ahal izatearen aurka
  • Madrilgo Diputatuen Kongresuak –PP, PSOE, CiU eta EAJren botoekin– apirilaren 29an onartutako Telekomunikazio Lege Orokorraren aurka azaldu da Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, prentsa ohar baten bitartez. Diotenez, legeak oztopatu egiten du osasunaren defentsa erradiazio elektromagnetikoen aurrean.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko maiatzaren 16a
Lege berriarekin, estatuko administrazioak atea zabaltzen dio telekomunikazioen industriari nahi duena egitekoā€¯.

Auzo Elkarteen Federazioaren esanetan, lege berriak osasun publikoari eta oinarrizko eskubideei erasotzen die. Legeak ezarritako hiru neurri salatu batez ere. Alde batetik, udalen hainbat eskumen ezabatzea: “Ezin izango dugu udaletxeetara jo kutsadura mota horren [elektromagnetikoaren] ondorioak jasaten ari garela salatzeko”.

Bigarrenik, legeak kontrol prozedurak ezabatzeaz kexatu dira. “Osasunaren ikuspuntutik inondik inora nahikoa izan ez badira ere, orain arteko prozedurek gutxieneko kontrola egitea ahalbidetzen zieten administrazioei, antenak jartzeko garaian. Lege berriarekin, estatuko administrazioa guztiz inhibitzen da, eta atea zabaltzen dio telekomunikazioen industriari, nahi duena egiteko”.

Azkenik, lege berriaren artikulu polemikoenetako bat ekarri dute gogora: administrazioak teilatuak desjabetzeko eskumena aitortzen dio bere buruari, bizilagunen baimenik gabe ere antenak instalatu ahal izateko, instalazio hori “interes orokorreko” izendatuz gero. Auzo Elkarteen Federazioaren iritziz, legearen helburua da antenak jartzea oztopatzen duten herritarrak makurraraztea, gero eta gehiagok uko egiten baitiote baimena emateari.