argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Atxuriko tren geltokiari erabilera berriak bilatu dizkiote auzotarrek
  • Aurreikuspenen arabera, Atxuriko tren geltokiak 2019an utziko dio trenak hartzeari. Espazioak bete ditzakeen erabilera berrien gainean hausnartu dute auzokideek, Lokomotorak dinamikarekin martxan jarritako prozesu parte-hartzailean.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 18a

Bilboko Metroaren linea berriaren irekierak Alde Zaharrera desbideratuko du tren trafikoa, eta ondorioz Atxuriko geltokiak orain arteko funtzioa betetzeari utziko dio. Hutsik geldituko den espazioak auzoak dituen beharrizanak betetzeko aukerak eskaintzen dituela ondorioztatuta, geltoki izandakoak etorkizun hurbilean bete ditzakeen erabilera berriak zerrendatu dituzte Lokomotorak dinamikaren bidez. Jasotako proposamen eta ideiak tren geltokiaren jabetza eta ardura duten erakundeei helarazi nahi dizkiete, bertan bizi direnen ahotsak kontutan hartu ditzaten. Geltokiaren itxieraren aurrean, lekua auzoarena egin eta beronen erabilera publikoa egitearen aldekoak dira auzotarrak.

Bestak beste, Atxuriko auzokideek, Atxurigorri elkarteak, eragile sozial eta auzo elkarteek, zein eskolako gurasoek abiatutako dinamika da Lokomotorak. Atxuri, Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, Abusu eta Santutxuko bizilagunak batzea bilatu du dinamikak, tren geltokiak bete beharko lituzkeen funtzio sozialen gaineko eztabaida bultzatu eta “etorkizun laburrari begira proposamen berriak burutzeko”. Horretan aritu dira azken hilabeteetan, eta prozesuarekin soslai ezberdineko jende askorengana heltzea lortu dutela adierazi dute. Prozesuan zehar jasotako guztia urria bukatu baino lehen auzoari zein Bilboko Udalari helaraziko zaion informe batean bildu dute.

Atxuriko geltokiak bete ditzakeen hainbat erabilera posible zerrendatu dituzte dinamikan parte hartu duten bizikideek: liburutegi publikoa, biltzeko eta erabilera anitzetarako gelak, plaza estalia eta parkea barne hartu ditzakeen espazio dela deritzote, besteak beste. Espazioari dagokionez larri dabilen Garcia Rivero eskolak gelaren bat bertan izateko aukera ere mahaigaineratu da.