argia.eus
INPRIMATU
Eredu herritar eta parte-hartzailea izanen du aurten ere Bilboko Aste Nagusiak
  • Larunbatean emanen diote hasiera Bilbon 2015eko Aste Nagusiari. Arratsaldeko 19:00etako txupinean aterako da Marijaia Arriaga Plazako balkoira, eta festari hasiera emanen diote bilbotarrek.

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 21
Arenaleko ibai ertzak txosnaz bete dituzte 30 konpartsek, muntaketa lanetan egunak pasa ondoren (argazkia: @la_pinpi)

Aurtengoan ere egitarau oparoa antolatu dute festen bultzatzaile nagusi diren Bilboko Konpartsek. Abuztuaren 30era hamaika ekitaldi izango da Bizkaiko hiriburuko kaleetan: dianak, txapelketak, haurrentzako tailerrak, kontzertuak, dantzaldiak, merkatuak, bazkariak, bertsoak eta abar.

Arenaleko ibai ertzak txosnaz bete dituzte 30 konpartsek, muntaketa lanetan egunak pasa ondoren. Txomin Barullo konpartsako Oihana Pascual izanen da 2015eko Aste Nagusiaren Txupinera, jaiei hasiera emanen diena.

Asteartean Konpartsek emandako prentsaurrekoan adierazi dutenez, Bilboko Aste Nagusia eredu herritar, parte-hartzaile eta parekidean oinarrituta dago. Herritarrak jaiez gozatzera deitu dituzte, horretara bideratutako 29 txosnetan eta Konpartsek antolatutako 500 ekitaldi baino gehiagotan.

Berritasun bezala, aurtengo jaietan izotz pista jarriko dute Konpartsek eta Udaleko Komisio Mistoak. Astelehenetik ostegunera, Arenaleko zubiaren ondoan irekiko dute. “Abuztuko sargoriaren aurrean, izotza ekarriko dugu bilbora”, adierazi dute prentsaurrekoan elurretako arropekin jantzitako konpartseroek.

Konpartsak, erasorik gabeko jaien alde

Sexismorik, LGTBIfobiarik eta arrazakeriarik gabeko Aste Nagusia aldarrikatu dute Bilboko Konpartsek. Honelako jarrerak onartuko ez direla adierazi eta erasoei erantzuteko protokoloa prestatu dute. “Festetan ematen diren erasoak onartezinak dira, eta gu guztion esku dago horiei aurre egitea”.

7Katu Gaztetxean ere egitarau zabala

Bilboko Alde Zaharreko 7Katu gaztetxeak ere Aste Nagusi herrikoian parte-hartzeko egitaraua antolatu du. Ostegunean eta bi asteburuetan kontzertuak izanen dira gauetan, eta ostiralean elektrotxarangarekin kalejira eginen dute Komantxe Konpartsaren txosnatik abiatuta.