Hustea ilegala izan dela jakinarazi du asanbladak. Iraila amaieran okupatu zuten espazioa, beren hitzetan, agintariak bultzatzen ari diren hiri eredu neoliberal eta prekarioari aurre egiteko.
Bilbo Zaharreko Anna Campbell gune askeko asanbladak eman du hustearen berri, publiko egin duen ohar batez. Jakinarazi dutenez, hustea irailaren 10ean, asteartean, burutu zen. Goizez, espaziora hurbiltzean, ohartu ziren erradial batekin espaziora sartu zirela gauez, eta sarraila aldatu. “Morroi talde bat barruan lubakitu zen”, adierazi dute.
Asanbladak azpimarratu du gaur gaurkoz ez dagoela okupazioagatik espazioaren kontrako salaketarik. Hustea espazioaren espekulatzaileak bideratua izan dela salatu dute, “praktika mafiosoak lehenetsiz beren lege burgesen gainetik, guztiz ilegala den desalojo bat gauzatzeko”. Helburu horrekin, "sosik ere ez duten prekarioen lanaz eta aurpegiaz baliatu" dela jakinarazi dute, bera itzalpean mantendu den bitartean: “Prekarioak aurrez aurre jarriz, espekulatzailea itzalean eroso dagoela”.
Espazioa husteaz gain, bertan zeukaten materiala lapurtu eta baliozkotzat jo ez dituzten gauzak —liburu, kartel eta fanzineak— zaborretara bota dizkietela ere eman dute aditzera. Lapurreta, gero, “pertsona arrazializatuei egotzi” dietela gehitu dute.
“Espekulatzaile ezagun honen papera seinalatu eta salatu nahi dugu auzoak jasaten duen gentrifikazio prozesuaren testuinguruan (…) Argi daukagu auzoarekin, eta hura osatzen duten pertsonen bizitzekin espekulatzen jarraitzen duten bitartean , jo ta ke jarraituko dugula, salatzen eta borrokatzen”, azpimarratu dute.
Anna Campbell gune askearen okupazioaren berri iraila amaieran eman zuten. Lehen ohar haren bidez jakinarazi zutenez, agintariak bultzatzen ari diren hiri eredu neoliberal eta prekarioari aurre egiteko okupatu zuten espazioa, azken urteetan hiria jasaten ari den gentrifikazio eta turistifikazio prozesuen aurrean okupazioa hautatuz tresnatzat, herritik eta herriarentzako guneak berreskuratzeko.
Espazioari izena ematerako orduan, Anna Campbell deitu zuten, 2018an hildako borrokalari kurduaren omenez.