Poliziaren gaia deiturikoari heltzeko, sarritan eztabaida zakarrak izaten dira posizio ezberdinak dituztenen artean: gure kaleetan polizia gehiago egotea defendatzen dutenenak; indarrean dauden polizia ereduen erreforma atzeraezina aldarrikatzen dutenenak; edo, besterik gabe, abolizioaren alde egiten dutenak. Eztabaida handi horiek beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, baina ez lukete gure begirada nahasi behar. Izan ere, bien bitartean eta gure egunerokoan, eztabaida eta argudio handirik gabe, egia absolutu faltsu batzuk inposatu nahi dizkigute zenbaitzuk botere publikoetatik: delinkuentziari aurre egiteko modu bakarra Poliziaren presentzia eta irmotasuna direla eta horrek, beraz, bermatuko duela gure segurtasuna. Mezu horiei aurka egin gabe pasatzen uztea, iruditeria kolektiboan egia ukaezin gisa kokatu daitezen erraztea da. Eta maizegi errakuntza horretan erortzen gara. Ikus dezagun adibide bakar batekin: Bilboko alkateak joan den Aste Nagusian eskura jarri diguna. Eta azter dezagun gero ea ez ote den uste baino posibleagoa gatazkei aurre egitea Poliziara jo gabe.
Aburtoren egia faltsuak txosnetako segurtasunari eta Poliziari buruz
Aburtok jendaurreko adierazpen batzuetan zioenez, konpartsen ordezkariek, Aste Nagusia baino lehen, “bilera bat izan zuten Udaltzaingoarekin, eta Polizia gutxiago eskatu ziguten; badirudi ez zaiela gustatzen. Baina herritarrek Polizia gehiago eskatzen digute, eta nik ez diet konpartsei jaramonik egingo, herritarrei egingo diet. Ni naiz segurtasun arduraduna, eta ez dut segurtasunaz konpartsekin hitz egingo”. Ez dakigu Aburtok nori deitzen dion herritar, badirudi konpartsak behintzat kanpo uzten dituela. Baina, beste ezeren aurretik, argi utz dezagun Aburtoren jarrera, agintzailea izateaz gain, hezibide txarrekoa iruditzen zaigula: konpartsen kolektiboko ordezkariekin biltzen zara (hau da, Bilboko jai herrikoien bihotza auzolanean martxan jarri zutenak eta 45 urteko antolaketa-esperientzia metatzen dutenak; zer edo zer jakingo dute, beraz) eta esaten diezu bost axola zaizula festen segurtasunari buruz esateko dutena, zuk diozuna egingo dela eta ez besterik. Esandakoa, oso gizabide txarrekoa.
Baina Aburtok askoz gauza gehiago dakizki gaiari buruz, isildu edo desitxuratu egin dituena oraingo honetan, komeni zaiolako. Hasteko, Bilbo ez dela batere hiri arriskutsua. Izan ere, nahiz eta ez gauden ados pertsonen eta herrien segurtasuna Polizia eta delitu parametroetan neurtzearekin, horrela neurtuta ere, datuek baieztatzen dute Bilbo hiri segurua dela. Eusko Jaurlaritzaren webguneak 2022ko martxoan jaso zuenez, Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak elkarrekin egindako delituen azterketaren arabera, "Bilbo, 2021ean, estatuko hiru hiri seguruenetakoen artean finkatu da (...) seguruena da lapurretak baztertu eta deliturik larrienei eta alarma sozial handiena eragiten dutenei erreparatzen badiegu". Are gehiago, Bizkaia Talent elkarteak duela gutxi jaso duenez, "Bilbo planetako laugarren hiririk seguruena da World’s Best Cities 2023ren arabera. Ranking horrek bizitzeko, lan egiteko, inbertitzeko eta bisitatzeko munduko 100 hiririk onenak biltzen ditu". Aburtok badaki hori guztia. Are gehiago, komeni izan zaionean harro aldarrikatu ditu datu horiek, 2019ko amaieran datuek "Bilbo Estatuko hiririk seguruena” dela baieztatu zuenean bezala.
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak elkarrekin egindako delituen azterketaren arabera, "Bilbo, 2021ean, estatuko hiru hiri seguruenetakoen artean finkatu da"
Herritarrek uste omen dutenaren eta datuek islatzen dutenaren arteko kontraesan deigarri horren aurrean, lan pedagogikoan oinarritu beharko luke bere ahalegina edozein arduradun politikok: lehenik, kontraesan horren arrazoiak ezagutzeko, eta, bigarrenik, berarekin amaitzeko, hori baita funtsik gabeko segurtasun faltaren pertzepzioa desagerrarazteko modurik egokiena. Aburtok arduraz jokatu izan balu, ikasiko luke gaian adituak diren pertsona akademikoen arabera (kasu honetan, Zigor Zuzenbideko katedraduna den Caty Vidales Rodríguez), "adostasun handia” dagoela “komunikabideek estutasunaren genesian eragin garrantzitsua dutela adierazteko orduan. Hain zuzen ere, delitu diren gertaeren kontakizun etengabeak –batzuetan modu partzial eta distortsionatuan– modu erabakigarrian elikatzen du segurtasunik eza orain handiagoa denaren ustea, horiei buruzko informazioak gaur egun duen protagonismo ukaezina ez zuenean baino”. Arduradun instituzional askoren jokabide arduragabeak are ondorio kezkagarriagoak dituela uste du aditu berak: "Gizartearen segurtasun eskaera handiagoa eragiten du, batzuetan gorpuzten dena erabaki politiko-kriminal desegokiak edo, gutxienez, zalantzagarriak hartzean". Horregatik, ziurtatzen du, "gakoa ez dago Poliziaren presentzia handitzean". Baina Bilboko alkateak, ikusiko dugunez, guztiz kontrakoa egin du.
Aburtok 2015ean lortu zuen lehen aldiz Bilboko alkatetza, eta berak hiri segurua dela onartu arren, 2016tik 2023ra %25,39 igo du udaltzainen kopurua. Igoera hori are nabarmenagoa izan da Aste Nagusian; izan ere, epe horretan bertan hirukoiztu egin da udaltzaingoen presentzia, 300 poliziatik 800era. Konpartsek Poliziaren presentzia txikiagoa eskatzea ez ulertzeko moduan!
2016tik 2023ra %25,39 igo du udaltzainen kopurua Aburtok. Igoera hori are nabarmenagoa izan da Aste Nagusian: 300 poliziatik 800era
Poliziaren presentzia bereziki handitu zen 2019an: 2017an baino %90 polizia gehiago, eta 2018an baino %20 gehiago. Bitxia bada ere, eta beste behin argi utziz Poliziaren presentziaren areagotzea ez dakarrela halabeharrez delituen murrizketarik, 2019an 2017an baino %25,2 delitu gehiago zenbatu ziren, eta 2018an baino %28,3 gehiago. Bilboko Udaltzaingoaren portaera ikusita, hausnartzekoa da ez ote den jaietako delituen gorakadaren arrazoia, hain zuzen ere, haien presentzia handiagoa..
Nolanahi ere, Aburto pozik agertu da 2023ko Aste Nagusiaren segurtasunari buruzko balorazioan. Honela arrazoitu du bere poza: "Atxiloketa kopurua oso garrantzitsua izaten ari da (...) Inoiz baino gehiago dira, hori da datua, aurreko urtean baino %30 gehiago" (...) Une batzuetan ziegak beteta egon dira". Gauza da atxiloketen gorakada deigarri hori gertatu den urte berean (2023), egindako delituengatiko salaketen kopurua %17 jaitsi dela. Eta horrek zentzuzko zalantza berri batera garamatza: Pertsona errugabe gehiago atxilotzen ari al dira, horretarako herritarren arraza edo jatorriaren baliatuz? Ez da maltzurki egindako galdera, zenbait elementuk horrela iradokitzen baitute.
Pertsona errugabe gehiago atxilotzen ari al dira, horretarako herritarren arraza edo jatorriaren baliatuz? Zenbait elementuk horrela iradokitzen dute
Aburtok aipatzen ez dituen ondorioak herritarrengan
Alde batetik, arraza-profilak deiturikoen erabilera arazo endemikoa da, Afrikar Ondorengoei Buruzko Adituen Lantaldeak 2018an Espainiara egindako bisitan ondorioztatu zuen moduan. Urte horretan bertan, Arrazakeriaren eta Intolerantziaren Aurkako Europako Batzordea irmo mintzatu zen, esanez "ordena indarren arraza bereizkeria etengabeko arazoa” dela. Horren adibide berria izan genuen joan den ekainean, jakin zenean Espainiako Poliziaren Irungo komisariako arduradun batek poliziak saritzen zituela atxilotutako migratzaileen kopuruaren arabera. Badirudi Bilboko Udaltzaingoak ez diola ihes egiten joera horri, konpartsek beraiek salatu baitute aurten manteroen aurkako Poliziaren indarkeria. SOS Arrazakeria Bizkaiak askotan salatu du Udaltzaingoaren indarkeria arrazista. Gutun publiko bat bidali zion Aburtori joan den uztailean, beste zortzi erakunderekin batera, Segurtasuneko zinegotziaren kargugabetzea eta Poliziaren abusu arrazistak amaitzeko eskatuz.
Bestetik, Aburto nabarmentzen da Poliziaren eraginkortasuna atxiloketa kopuruarekin lotzen dutenenetakoa izateagatik ("Poliziaren eraginkortasuna asko igotzen ari da, eta horrek inoiz baino atxiloketa gehiago eragiten ditu", adierazi zuen aurreko jaietan). Hala ere, ezin konta ahala azterlan eta adituk ohartarazten dute praktika larri horretaz. Adibidez, Human Rights Watch-ek: "Atxilotzeko poliziaren ahalmenen erabilera masiboa, adibidez, ‘estatistikak egiteko’ beharragatik bakarrik justifika daiteke, Polizaren eraginkortasuna atxiloketa kopuruaren argudio hutsarekin frogatuko dutenak, eta ikertzeko-atxilotu praktika autoritarioagatik, atxilotzeko-ikertu beharrean. Paraleloan doa delituen fabrikatzea, prentsari albisteak salduz esku hartu duen komisariaren irudia hobetzeko ". Ingurune hurbilago batean, Caty Vidalesek berak (Jaume I Unibertsitateko Prebentzio eta Segurtasunari buruzko Ikasketa Zentroko zuzendaria ere badena) honakoa azpimarratzen du: "Kontuak emateari dagokionez,oztopo handia da produktibitatea eta, beraz, Poliziaren lana emaitzen arabera neurtzea, eta ez prebentzio neurri eraginkorrak praktikan jartzearen edo zerbitzu arduratsua ematearen arabera".
Baina ez dira arrazializatutako herritarrak soilik delitugileen profilen ondorioak pairatzen dituztenak. Identifikazioetan zein atxiloketetan, "gizon gazteek eta gutxiengo etniko edo erlijiosoetakoak diren pertsonek" ere pairatzen dituzte, José María López-Riba Zuzenbideko doktore eta Kriminologiako irakasleak El análisis cuantitativo de las identificaciones y las detenciones policiales en España: Datos disponibles, limitaciones e implicaciones testuan jasotzen duen gisan. Gainera, mingostasunez kexatzen da datu faltagatik, batez ere kasu batzuetan: "Mugarik garrantzitsuena udaltzaingoen datu falta da, oro har, bai eta autonomia erkidegoetako polizienak ere, hala nola Ertzaintzarena edo Kanarietako Polizia Orokorrarena". Ezkutatzen zaigun beste gai garrantzitsu bat gehitzen du López-Ribak: datu ofizialetan "ez da agertzen egin den atxiloketa mota (prebentiboa edo prozesala) eta ez da zehazten atxilotutako pertsonetatik zenbat kondenatu dituzten amaieran". Baina funtsezko datua da, agian Aburtoren poliziak Aste Nagusian egindako atxiloketa ugariek ez baitute balio izan delitugileak atxilotzeko, baizik eta Aburtoren zenbakiak handitzeko... eta atxilotutako pertsona errugabeei jaiak zapuzteko.
"Azterketa ugari egin diren arren, ezin izan da loturarik aurkitu polizia kopuruaren eta delinkuentzia indizearen artean " (David H. Bayley)
Horren guztiaren ondorioz, jakina, herritarren zati handi batek segurtasun eza pairatzen du jaietan Poliziaren operatibo handiak ikusten dituenean. Berdin arduradun instituzionalak entzuten dituenean iragartzen atxiloketak areagotu egingo direla –segurtasun arduradunek eta haien poliziek aldez aurretik astindu duten segurtasun ezaren aurkako apustua justifikatzeko–. Baina, horretaz gain, eta Caty Vidalesek Rico eta Salas autoreetatik jasotzen duen bezala1, gainerako biztanleentzat "errepresioaren areagotzeak ez du ezinbestean ezabatuko edo murriztuko herritarrek kriminalitatearen aurrean duten beldur sentimendua; aitzitik, areagotu egin dezake, herritarrek pentsatzen badute jarduera errepresibo handiagoak lotura duela errealitate kriminal serioago batekin". David H. Bayley aditu ezagunak gaineratu duenez, "azterketa ugari egin diren arren, ezin izan da loturarik aurkitu polizia kopuruaren eta delinkuentzia indizearen artean. Gainera, agerian geratu da Polizia modernoaren estrategia nagusiek eragin gutxi dutela –edo bat ere ez– delinkuentzian". Izan ere, gako nagusietako bat Polizia kontuetan aditua den Diego Torrente Roblesek eman zuen urte batzuk direla: "Delinkuentzia desagerrarazi edo nabarmen murrizteko helburuak ihes egiten die Poliziaren benetako aukerei. Hori eragiten duten faktoreak kontrolatzea ez dago bere esku".
Bizirauteko delinkuentziara behartzen duten faktoreei heltzeko giltzetako bat egunetik egunera handiagoa den arrakala da: aberastasun ekonomikoa metatzen dutenen eta bizimodu duin baterako diru sarrerarik ez dutenen artekoa. Izan ere, udalaren txosten baten arabera, "Egiazko pobrezia egoeran dauden Bilboko pertsonen proportzioa % 10,1 da, eta etengabe handitzen ari da 2008tik". Sakonera handiko gai horri aurre egiteko moduen artean, Gizarte Ekintza deiturikoari aurrekontu handiagoa litzateke bat. Hala ere, Gizarte Ekintzarako 2023ko udalaren aurrekontua (57.331.600 euro) Herritarren Segurtasunerako aurrekontua (91.127.000 euro) baino % 37,1 txikiagoa da, eta, Aburto alkatetzara iritsi zenetik, Herritarren Segurtasunerako aurrekontua ia 22 milioi eurotan handitu den bitartean, Gizarte Ekintzarako aurrekontua 14 milioi baino gutxiagotan. Hori bai, Bilboko udaltzain baten oinarrizko soldata 2020an 41.000 eurokoa zen (horri produktibitatea, aparteko orduak, txandak... bezalako osagarriak gehitu behar zaizkio), urte horretan bertan lanbide arteko gutxieneko soldata 13.300 eurokoa zen bitartean.
"Aburto alkatetzara iritsi zenetik, Herritarren Segurtasunerako aurrekontua ia 22 milioi eurotan handitu den bitartean, Gizarte Ekintzarako aurrekontua 14 milioi baino gutxiagotan"
Ziur asko, udaltzain kopurua areagotu beharrean, iruzur fiskala edo lepo zuriko delituak bilatzen dituzten langileena handituko balitz, Aburtok baliabide gehiago izango lituzke bilbotarren pobretzea arintzeko, eta, zalantzarik gabe, bizirauteko bizimodua nola edo ala atera behar dutenen kopurua murriztuko luke. Ez da ideia erradikala. Honako hau dio, Fuenlabradako Udaltzaingoaren inspektore David Martínek: "Eredua delituaren jazarpenean du ardatza, prebentziozko eta beldurra sortzeko patruilatze lanean oinarritzen dena, oinarrizko premisa okerra da (...) zigor-arloaren zatirik handiena ondarearen aurkakoa da (ez dugu sakontzen gizarte-arazoak non dauden ikusteko)". Gainera, dio, "arlo horietako profesionalak kontratatzea inbertsio izugarria izango litzateke. Eta daudenak, ez ditugu eguneko 24 orduetan eskuragarri. Nor dago 24 orduz? Polizia".
Aburtok kontuan hartu beharko luke hori, benetako segurtasunari buruzko sakoneko arazoak ulertu eta konpondu nahiko balitu. Eta hori lortzeko, gehienetan, Polizia ez da abantaila bat, oztopo larria baizik.
Benetako segurtasuna, Poliziarik gabe
Orain arte ez dugu gure iritzia eman nahi izan, aditu batzuen ahotsak erabili ditugu, beren profil akademiko eta ideologikoagatik Aburtori gaitzespenik eragingo ez diotenak. Ea irakurketa horien bidez kapaza den ulertzeko Aste Nagusiko segurtasunari buruzko bere ikuspegi polizialak ez duela arazoak konpontzeko balio, eta kontrara, areagotu egiten dituela.
Baina orain, testu hau irakurtzen ari zareten gainerako pertsonengan pentsatuz, herritarrok geure (eta benetako) segurtasunaren bermea bultzatzeko bidean baliogarriak izan litezkeen ikuspuntu, praktika eta material batzuk aipatu nahiko genituzke. Ideia horrek berak, jakina, Polizia eta beren sindikatuak ikaratu eta sumintzen ditu.
Horren adibide bat izan genuen iaz, Bilboko Aste Nagusiaren testuinguruan ere, konpartsek sexu-erasoen biktimak artatzeko protokolo propioa aurkeztu zutenean. ERNE sindikatua haserre biziz erantzun zuen, eta "zentzugabekeriatzat" jo zuen “txosnak, konpartsak edo jai batzordeak izatea delituen biktimak artatu eta eta laguntzeko ardura hartzen dutenak”. Sindikatuaren idazkari nagusiak amorruz adierazi zuen: "Epaitegietatik poliziei helarazten zaien ahalmena da", eta beste bi perla gehitu zituen: "Guk leku guztietan egon behar dugu, Poliziak probokatu egiten duela esateko garaietara itzultzea besterik ez baitzen falta"; eta “[protokolo horien sustatzaileek]nahi dutena da Poliziarik ez egotea eta beraiek nahieran ibiltzea jai esparruan, beren arau propioekin". Hain zuzen ere, hor egon daiteke koxka.
"Eta, Polizia sistema kapitalistaren giltzarria dela jakinda ere –edo, hain zuzen ere, horregatik–, gizartea eraldatu nahi dugunok polizia aparatuarekin amaitzeko modua pentsatuko bagenu? "
Eta, Polizia sistema kapitalistaren giltzarria dela jakinda ere –edo, hain zuzen ere, horregatik–, gizartea eraldatu nahi dugunok polizia aparatuarekin amaitzeko modua pentsatuko bagenu? Eta, beste kasu batzuetan egiten dugun bezala, iraultza klasiko baten E egunari itxaron gabe desmuntatu nahiko bagenu aparatua, sinpleki Polizia ez erabiliz? Utopikoa dirudi, baina baditugu esperientziak adierazten digutenak aukera hori hasiera batean pentsa genezakeena baino errealagoa dela.
Planteamendu abolizionista teorikoak beti egon direlako, polizia aparatuaren jaiotzatik, baina, agian, esperientzia zehatzak bildu behar dira, Poliziarik gabe nola bizi daitekeen agerian uzteko. Azkenaldian, urrats itxaropentsuak ematen ari dira ildo horretan, eta testu hau amaitzeko, ideia horretan sakondu nahi dutenentzat argibide batzuk eskaini nahi genituzke.
Hasteko, azken aldian hainbat testu argitaratu dira gaztelaniaz, Polizia zalantzan jartzen dutenak. Adibide gisa: El final del control policial; La policia. Una análisis crítico; Maderos, chusma y orden social; Gasear, mutilar, someter. La policía de las armas no letales, edo Qué hace la policía y cómo vivir sin ella.
Baina esan dugu esperientziak bildu nahi ditugula, eta, horretarako, Mexikoko esperientzia mordoa baliagarriak izan daitezke, honako hauek nabarmenetarikoak: Cherango errondak; Justizia komunitario zapatista; Mexikoko Acapatzingo hiri-esperientzia; Guerreroko Kosta-Mendiko Polizia Komunitarioa, edo Oaxacako "Ricardo Flores Magón" Herri Kontseilu Indigena. Latinoamerikako beste eremu batzuetan ere esperientzia garrantzitsuak daude, hala nola Peru iparraldeko nekazari-errondak edo Caucako herrietako Guardia Indigena Kolonbian. Esperientzia horietako batzuk paperean argitaratu dituzte, hala nola Seguridad contra la pared; Los pueblos en defensa de la vida y el territorio edo Autodefensa y policías comunitarias. Estatu Batuetan Black Lives Matter mugimenduaren borrokak bultzatu dira; edo Sioux herriaren esperientzia dago Standing Rockeko indigenen erreserban.
Beste kontinente batzuetara salto eginez, interesgarria da Cómo abolir la policía: Lecciones de Rojava testuak kontatzen diguna ezagutzea. Baita Hegoafrikako kale batzordeen esperientziak ere, laurogeiko hamarkadan sortuak, Edo Irlandako Armada Errepublikanoak (IRA) Ipar Irlandan hirurogeita hamarreko hamarkadan antolatutako herritarren defentsarako batzordeak (azken bi horiek jada aipatutako Qué hace la policía y cómo vivir sin ella liburuak aztertzen dituenak).
Espainiako Estatuko testuinguruari dagokionez, aipatutako liburuen egileei egindako aipamen edo elkarrizketez gain, ez dira gutxi azkenaldian agertutako artikulu interesgarriak. Hona hemen adibide batzuk:
La policía es irrelevante para la seguridad ciudadana;
¿Reforma o decrecimiento policial? Los ecos del ‘Defund the Police’;
Soñando y pensando un mundo sin policía;
La policía en el punto de mira;
Segurtasun arazoak Euskal Herrian?
¿Es posible un mundo sin policía?
Aipa dezagun, halaber, azken artikuluaren egileak, Pastora Filigranak, liburu bat idatzi duela, El pueblo gitano contra el sistema-mundo, zeinean gatazkak konpontzeko modu komunitarioak deskribatzen dituen, adinaren, portaeraren edo balioen araberako erreferenteekiko konfiantzan oinarrituta. Era berean, AAMASen (Assemblea d 'Afectades pel Masclisme i el Patriarcat) esperientzia dugu, indarkeria matxisten aurrean babesa eta laguntza ematen duena, eta A l' aguait, segurtasuna pentsatzeko eta egiteko beste modu batzuk garatzen dituena Manresan.
Euskal Herrian ere urrats batzuk ematen hasiak gara. Duela hilabete batzuk Txago ekimena aurkeztu zen, indarkeria polizialak dokumentatzeko tresna gisa, eta askotarikoak dira mugimendu feministak autoantolatu dituen erremintak biolentzia matxista kasuei edo arriskuei aurre egiteko. Baina oraindik urrats asko ditugu egiteke. Hala ere, badaude ateak ireki diezazkiguketen tresnak eta ekimenak.
Euskal Herrian oraindik urrats asko ditugu egiteke. Hala ere, badaude ateak ireki diezazkiguketen tresnak eta ekimenak
Joan den urrian, Espainiako Estatuko Fundación de los Comunes ekimenaren formazio ardatzak Policía vs. Política. De la policialización de lo social a unas políticas de confianza izeneko ikastaroa antolatu zuen. Sei saiotan garatu zen: 1) Metropolice: Seguridad y policía en la ciudad neoliberal; 2) Escuela y servicios sociales: cuando el panóptico se extiende a lo social; 3) Barrio: Políticas sociales vs politicas de confianza; 4) Los malotes: Construcción y reconstrucción de un enemigo público; 5) ¿De quién es la calle? Policía, violencias y exclusiones, eta 6) Abolir la policía: Desfinanciación y alternativas despolicializadas para afrontar los conflictos. Saio horiekin batera, bideo eta sarrera-hitzaldi batzuk egin ziren.
Baina, horren guztiaren onena da ikastarotik ekimen zoragarri bat sortu zela, Sin Poli [Poliziarik Gabe] deitu dutena: "Jasaten eta sortzen ditugun gatazka eta indarkeria asko ondoen kudeatu ahal ditugunak maiz gu geu garela esploratzeko eta frogatzeko modu bat izan nahi du. Gure helburu eta desio politiko nagusia litzateke, beraz, ikusaraztea ‘nire lagunek zaintzen naute, eta ez Poliziak’ leloa guk ezagutzen eta pentsatzen duguna baino askoz gehiagotan hezurmamitzen dela egunerokotasunean". Horretarako, bildu nahi dituzte esperientziak zeinetan hainbat gatazka motaren aurrean pertsonek, kolektiboek edo komunitateek horiek konpontzeko Poliziara jo gabe jardutea erabakitzen dugun. Sin Polik helarazten digun gonbidapena bera da testu hau ixteko modurik borobilena: “Gatazken ardura Poliziara jo gabe hartzeko sinesten duguna baino gaitasun handiagoa dugula uste baduzu zuk ere, mezu hau zabaltzen laguntzera gonbidatzen zaitugu”.