Bilboko udalbatzak, EAJ eta PSEren aldeko botoekin, erabaki du alkate frankisten argazkiak Udalean mantentzea. Beste objektu batzuk ere jasoko dituen leku batean paratuko ditu koadroak, "testuinguru" historiko baten adierazle gisa. EH Bildu eta PP kontra azaldu dira.
Bilboko Udaletik alkate frankisten argazkiak kentzeko mozioa aurkeztu zuen Bilduk, eta gaur eztabaidatu dute udalbatzan gai horren inguruan. Bien bitartean, elkarretaratzea egin dute udaletxe kanpoan hainbat kolektibok, ikur frankistak ken ditzaten eskatzeko.
Udalbatzarraren aurretik udal taldeek, EAJk izan ezik, adierazpenak egin dituzte alkate frankisten irudien kokapenaren inguruan.
Aitziber Ibaibarriaga Bilduko bozeramaileak esan duenez, zinegotzi bakoitzak koadroak galerian egon daitezen nahi duen edo ez esan beharko du. Haien ekimenaren helburua denen artean irudiekin zer egin adostea dela baieztatu du eta Memoria Historikoaren Legea betetzea bilatzen dutela proposamenarekin.
“Aukera ona da herritarrek marko instituzionalaren espazio nagusia den udaletxeko aferetan hitza izateko”, gaineratu du Ibaibarriagak.
Bestalde, PPk dioenez osteguneko udalbatzaren interesak Bilboko kaleetan egon beharko luke eta ez udaletxeko korridoreetan. Cristina Ruiz bozeramaileak esan duenez, herritarren arazoak auzoetan eta kalean daude.
PSEk udaletxeko pasilloetatik alkate guztien irudiak kentzeko eta aparteko areto batean kokatzeko eskatuko du, “alkateen interpretazio-galeria” sortuz. Alfonso Gil bozeramailearen iritziz, “altxamendu militarra kudeatu zuenak hautatutako alkateak ez du merezi udaletxeko ohorezko lekua hartzea”.
Informazio gehiago:
Biharko elkarretaratzea deitu du Bilboko udaletxearen parean Sare Antifaxistak, alkate frankisten irudien auziarekin lotuta. Bestalde, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak hartutako jarrerari buruz artikulua idatzi du Urko Apaolazak "Angelu itsua" blogean.