argia.eus
INPRIMATU
Bilboko alkate frankisten erretratuak lekualdatzea proposatu du EAJk
  • EAJk erdibideko posizioa hartu du eta "Bilboko alkateen interpretazio-galeria" izeneko ganbera sortzeko proposamena egin du hiriburuko alkate guztien erretratuak ikusgai jartzeko, Francoren diktadurak ezarritakoak barne.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko otsailaren 20a
Bilboko alkate frankisten erretratuak galeria berri batera lekualdatzea proposatu du EAJk. Argazkia: elotrokiosko.net

Testuingurua ondoan izango dute irudiek EAJren proposamenaren arabera. Erretratu bakoitzak pertsona hori alkate izendatzeko baldintzak zeintzuk izan ziren edukiko luke alboan. Dokumentuek alkate bakoitzaren agintaritzaren momentu esanguratsuenak ere aipatuko lituzkete.

Frankismoan alkateei emandako aitorpenak berrikusteko konpromisoa hartuko duela ere adierazi du EAJk, eta diktaduraren biktimentzat erasoa izan daitezkeenak kendu egingo lituzkete.

Proposamenak EH Bilduk egindako proposamena bertan behera uztea du helburu. Koalizio abertzaleak udaletxean agertzen diren zortzi alkate frankisten erretratua kentzeko eskaera egin zuen, datorren otsailaren 27an eztabaidatzekoa dena. Batzarra baino lehen udaletxeko galeria nagusitik koadroak erretiratzen badira, mozioa bertan behera uzteko konpromisoa hartu zuten ordea.

EAJk Iñaki Azkuna alkatearen jarrera moldatu nahi du. Azkunak egungo egoera ez aldatzeko hautua egin zuen, bere iritziz aipatutako erretratuak historiaren parte direlako eta “historia errespetatu egin behar da, nahiz eta ez atsegin”.

Informazio gehiago:

Azkunak alkate frankisten erretratuak ez kentzeko erabakiari buruz analisia egin zuen Urko Apaolazak Angelu Itsua blogean.