argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Alde Zaharreko hotel berriaren irekieraren aurrean protesta egin dute
  • Kate israeldar baten jabetzakoa den NYX hotel ireki berriaren aurrean elkarretaratzea egin dute asteazkenean. Hiriaren turistifikazioa eta gentrifikazioaz gain, EAJren instituzioek Israelekiko duten konplizitatea ere salatu dute.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 11

BDZ, Piztu Bilbo, SOS Alde Zaharra eta Bihotzean auzo elkarteak deituta, hainbat hiritar Bilbon ireki berri duten NYX hotelaren aurrealdean bildu dira, irekieragatik protesta egiteko. Salatu dute Bilbo “turista-kontsumitzailearen behar eta interesei begira eraikitako hiria” dela, eta hiri mota horren zabalkundearen ondorioek zuzenean kaltetzen dituela auzokide gehienak, desjabetuenak behinik behin.

“PNV-k instituzioetatik enpresa pribatu konkretu batzuekin elkarlanean bultzatu duen Euskadi-Basque Country estrategiaren biktima ari gara izaten”, azpimarratu dute. Turistifikazioaren eta gentrifikazioaren arazoaz mintzatu dira, aipatu estrategiaren albo-kalte zuzentzat aurkeztuz biak ala biak. Ugaritzen ari diren hotelak, Airbnb pisuak eta “komertzio konkretu batzuen monokultiboa” turistifikazioaren ondorioak direla azpimarratu dute, baita horrek eragiten duen gentrifikazio prozezua ere: “Auzoko alokairuen igoera itogarria eragin, eta alde egitera behartzen gaituzte; frankizia multinazionalen inbasioa, betiko komertzioak –hurbilak, kalitatezkoak, gizatiarrak– ixtera behartu, eta kontsumo eredu konkretu bat inposatzen ari da; inpertsonala, garestiagoa eta urrunekoa.”. Hori gutxi ez, eta hiria merkantilizatzen duen prozesuak honen baitan bizi diren norbanakoen “nortasun anitzak homogeneizatu” eta merkataritza interesei begira jartzen dituela azpimarratu dute. Ahaztu barik, turistifikazioan oinarritzen den ekononomiak langileria prekarietatera kondentzan duela.

NYX, hiriaren eraldaketaren azken adibide

Alde Zaharrean ireki berri duten hotela hiriaren eraldaketaren azken adibidetzat jo dute. Argitu dutenez, denbora motzean zabaldutako bigarren luxuzko hotela da, auzotarrak are gehiago kaltetuko dituena: “Luxuzko hotel honen inguruan luxuzko kontsumoa eskainiko duten multinazionalak hedatuko dira, oraindik bizirauten duten komertzio txikiak desagertzera kondenatu, eta Alde Zaharra jasaten ari den gentrifikazio prozesua oraindik gehiago larriagotuz”.

Horrez gain, hotel berriaren jatorria ere seinalatu dute, eta beronen jatorria israeldarra dela ezagutzera eman. Bilbo dirua duen edozeini tokia egiten dion hiria bilakatu izana egotzi diete EAJren instituzioei, israelekiko duten konplizitatea bistaratuz: “Berdin du (hotela) palestinar herriaren genozidioan oinarrituta dagoen Estatu arrazista batekoa izatea. Berdin du giza eskubideak etengabe urratu eta nazioarteko legedia behin eta berriro apurtzen duen apartheid-Estatukoa izatea. Haien ereduari, haien negozioari, ondo badatorkio, ez daukate arazorik Isrelgo Estatu sionistaren zuriketan laguntzeko. Ez da kasualitatea, gure auzoetatik kanporatzen ari gaituzten NYX Hoteles edo Airbnb bezalako enpresak, palestinarrak haien lurretatik botatzen ari diren berdinak izatea”.

Erresistentziara deia

Agintea bultzatzen ari den hiri eredua auzokideen ongizatearekin bateragarria ez dela adieraziz, erresistentzia egitearen alde azaldu dira auzotarrak. Beren auzo eta bizitzetatik desjabetuak izaten ari diren arren, “auzokideon interes eta beharren araberako” auzo bat eraikitzen jarraitzearen aldeko apostu irmoa egin dutela nabarmendu dute.