Bilboko Alde Zaharreko eta Atxuriko eskolan eta gune publikoetan hobekuntzak aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu dute maiatzaren 13an, osteguna. Solokoetxeko eskaileretan batuko dira 17:00etan “kalitatezko hezkuntza publikoa” defendatzeko.
Mobilizazio honen bidez, barne eta kanpo espazioak eskatu nahi dituzte: gimnasioa, liburutegia, patio estalia eta irekia, jantokia, ekitaldi-aretoa eta irakasleen aretoa, “haurren garapen osasungarria bermatzeko”. Horrekin batera, naturarekin kontaktuan egoteko udal espazio publikoen edo inguruko espazio zabalen erabilera erraztea eskatzen dute.
Eskoletako estrukturari dagokionez, hobekuntzak behar dituztela adierazi dute eta azpiegiturak eguneratzea eta eraikinak egungo beharretara egokitzea beharrezkoa da haientzat. Gainera, sarrera eta irteera orduetan kaleak mozteko eskaera egin dute, seme-alaben segurtasunerako eta “oinezkoen eremuetan ibilgailuen zirkulazioak eragiten dituen arriskuak murrizteko”.
Azkenik, “kalitatezko” hezkuntza publikoa nahi dute 0 eta 2 urteko haurrentzako, eta Bigarren Hezkuntza eta Batxilergorako instituto berria.
Guzti honengatik, ostegunean elkartuko dira Solokoetxeko eskaileratan, “seme-alaben kalitateko etorkizuna aldarrikatzeko, gizarte-desberdintasunak murriztuz”.