argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Alde Zaharrean gaur hiru etxe kaleratze gauzatu direla salatu dute
  • Bilboko Erribera kaleko 9. zenbakiko bizilagunak eta AZET Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin dute, salatzeko hiru familia etxe kaleratu dituztela. Eraikina etxejabe handi batek erosi zuen orain hilebete batzuk, eta alokairu kontratuak iraungituta zeuzkaten familiei ez dizkiete berritu; azpimarratu dutenez, hori ere etxe kaleratzeko modu bat da. Eraikinean bizitzen jarraituko duten bizilagunek exijentziak helarazi dizkiote etxejabe berriari, borrokan jarraitzeko prest daudela adieraziz.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko abenduaren 15a
Argazkia: Bilboko Uriola

Bilboko Erribera kaleko 9. zenbakiko bizilagunek eta AZET Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin dute asteazken goizean. Hain zuzen ere, Erriberako 9. zenbakiaren parean egin dute hitzordua, etxejabe handi batek erosi duen eraikinaren ateetan. Salerosketaren ondorioz, urteetan beren etxebizitza izandakoa utzi beharko dute hiru familiek asteazkenean. Etxe kaleratzeak direla salatu eta jabe berriari zenbait exijentzia helarazi dizkiote, bertan bizitzen jarraituko baitute hiru familiak.

Orain hilabete eman zituen ezagutzera kasuaren zehaztapenak AZETek: Erribera kaleko 9. zenbakia jabe handi batek erosi ostean, bertan bizi ziren bizilagunak arriskuan ziren. Batzuk iraungitako alokairu kontratuak zituzten, eta jabe berriak ez dizkienez berritu, epe-laburrean alde egin eta bizitzeko alternatiba bat bilatu beharrean ikusi dira. Hiru familiaren kasua da hori, eta abenduaren 15ean alde egingo dute beren orain arteko bizilekuetatik. Gainontzeko hiru familien kasuan, kontratuak indarrean dituzte, baina beren etorkizun hurbilari dagokionez ziurgabetasuna da nagusi; "Itxura guztien arabera, jabetza berriak edozer egingo du haiek botatzen saiatzeko, haien alokairuak (kasu batzuetan alokairu zaharrak direnak) alokairu altuagoengatik ordezkatuz", adierazi zuen azaroan AZETek. Hala bada, beren etxebizitzak ere arriskuan egon zitezkeenaren susmoarekin, AZET sindikatura batu eta borroka abiatu zuten.

Borroka horren baitan egin dute asteazkenenko agerraldia, hiru familiak beren gaur arteko etxebizitzetatik alde egingo duten egunean, gertakaria bistaratu asmoz. Familia horien egoera jarri dute lehen lerroan, salatzeko etxe kaleratuak izan direla. Izan ere, azaldu dute etxe kaleratzeak gauzatzeko modu askotarikoak daudela, eta honakoa horietako bat dela, sotilagoa bada ere. "Gure kasua estatistika ofizialetan agertuko ez den etxe kaleratzea izan da, beste hainbat bezala. Etxegabetze sotilak dira, oharkabean pasatzen direnak, inpunitate osoz gauzatzen direnak eta instituzioen babes osoarekin exekutatzen direnak", salatu dute.

Salerosketan bitartekari lanak egin izanagatik Somera higiezinen-agentzia ere seinalatu nahi izan dute. "Jabe handiak, higiezinen-enpresak eta espekulatzaileei alfonbra gorria jartzen dieten instituzioak txanpon beraren aldeak baino ez dira".

Jabe berriari exijentziak

Alde Zaharreko "enegarren espekulazio operazioa" salatzetik harago, eraikinaren jabe berriari exijentziak helarazteko ere baliatu dute agerraldia. "Borrokan eta tinko jarraitzen dugula adierazteko ere bagaude hemen". Hiru familiak eraikinean bizitzen jarraituko dutenez, eskatu dute horien aloikairu kontratua bere horretan errespetatzea, bai iraupenari dagokionez, bai alokairuaren prezioari dagokionez. Kontrako kasuan gertatuko litzatekeena argi adierazi dute: "Ez dugu ezkutuko beste etxegabetzerik onartuko, ezta alokairuaren prezioaren igoerarik ere". Horrekin batera, eraikina birkalifikatzeko eta eraberritzeko obra guztiak egungo auzokideekin adostea ere exijitu dute, "bizitza eta egunerokotasuna oztopatu gabe".