Bilboko Alde Zaharreko gaztetxeak hamairu urte beteko ditu aurten. Urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra urteurrena ospatzeko egitarau oparoa prestatu dute 7Katuko kideek.
7Katu gaztetxeak hamairu urte beteko ditu eta urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra urteurrena ospatzeko egitaraua antolatu dute gaztetxeko kideek. "Badun hamairu!" lelopean, hainbat jarduera egingo dituzte egun horietan zehar.
Urtarrilaren 27an, astelehenean, emango diote hasiera egitarauari. 19:00etan greba orokorraren nondik norakoak landuko dituzte "Lan, pentsio, bizitza duina!" mahainguruan. Bertan, Ernaiko, Bilboko Koordinadora Feministako, pentsiodunen mugimenduko eta Gora Ikasleon Borroka dinamikako kideek parte hartuko dute. Asteartean, 19:00etan jarri dute hitzordua gazteek greba orokorrerako atxikimendua adierazteko. Asteazkenean, 19:00etan baita ere, Harro plataformako kideak izango dira antikapitalismoaz ikuspegi transmaribibollotik hausnartzen.
Ostegunean greba orokorrarekin bat egingo dute 7Katuko kideek. Hurrengo egunean, arratsaldean zehar hainbat jarduera eskainiko dituzte. 17:00etan umeen jolasak antolatuko dituzte Plaza Berrian. 18:30ean, aldiz, ginkana hasiko da 7Katun. 21:00etan, amaitzeko Uki Selektah, Leihotikan eta Orbelak taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.