argia.eus
INPRIMATU
Bilbok sarbide berria izan arren, Errekaldek erdibituta jarraitzen du
  • Errekalde auzoko ehunka lagunek manifestaldia egin dute larunbatean bertatik igarotzen den AP-8 autopistako zubibidea eraitsi dezaten eskatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak 2008tik 2016ra bitartean eraitsiko zuela hitz eman zuen.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 20a
Errekaldeko auzokideak manifestaldian (argazkia: bilbobranka.info)

Sabino Arana hiribide gaineko zubibidea itxi duten egun bererako deitu zuen manifestaldira Errekaldeberriz Errekaldeko Auzo Elkarteak, “Zorionak Basurtu, Autopista Kanpora. Errekalde 2016” lemapean. Aldundiaren azken mugimendu horren aurrean, Errekaldeko zubibidearekin berdina egiteko itxaropena dutela adierazi dute.

San Mames estadiotik hirirako sarrera berri batzuk eraiki dituztelako esan zuen Aldundiak zubibide zaharrak eraitsiko zituela. Hala ere, Sabino Aranakoarekin gertatu bezala, atzerapenak egongo direla uste dute auzokideek.

“Autobideak auzoa suntsitu zuen, bitan zatitu zuen, gure irudia kaltetzen du, kutsadura eragiten du eta zeharo arriskutsua da”, salatu du Errekaldeberriz elkarteak manifestaldian. Bilbok eta Bizkaiak “Errekalderekin zorra” dutela esan dute, “zementuzko munstro hau kendu eta zerua ikusten uzten digutenean amaituko dena”.