argia.eus
INPRIMATU
Bilbobuseko greba bertan behera, langileek aurrekoardioari baiezkoa emateko zain
  • Bilbobusen greba mugagabea "bertan behera" geratu da momentuz, UGT, CCOO eta USO sindikatuek aurreakordioa itxi ostean Biobiderekin, Bilboko Udalak zerbitzu publikoa eskaintzeko azpikontrataturiko enpresa. Langileek ostegunean batzarrean erabaki beharko dute adosturiko baldintzak onartzen dituzten hala ez. ELA sindikatuak ez du aurreakordioa sinatu, bere esanetan ez duelako erosahalmenik bermatzen.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko maiatzaren 15
Bilbobusen ia 700 lagunek egiten dute lan. Argazkia: Bilbobus

Bilbobuseko langileek ostegunean erabakiko dute UGT, CCOO eta USO sindikatuek Biobide enpresarekin adosturiko baldintzak onartzen dituzten edo ez. Bitartean, hainbat asteren ostean, greba mugagabea "bertan behera" geratu da, enpresak jakinarazi duenez.

Apirilaren 9tik zeuden greba mugagabean Bilbobuseko langileak, baina iaztik ari dira lanuzteak etengabe egiten, baita mobilizazioak ere, zuzendaritzak hitzarmenean jartzen duena behin eta berriz "urratu" duelako, "Bilboko Udalaren isiltasun konplizearekin", enpresa batzordeak salatu zuenez.

Bilbon 44 autobus linea dauzka kontzetsioan edo emakidan Biobidek, eta zerbitzu publiko hori emateko ia 700 langileko lantaldea aritzen da. Auzitegien sententziak ez betetzea, lan-poltsako langileak jardunaldi osoan ez jartzea eta hitzarmena 2021etik "izoztuta" edukitzea egozten diote sindikatuek, besteak beste.

Apirilaren 9tik zeuden greba mugagabean Bilbobuseko langileak, baina iaztik ari dira lanuzteak etengabe egiten, baita mobilizazioak ere, zuzendaritzak hitzarmenean jartzen duena behin eta berriz "urratu" duelako

Asteotan guztiotan hainbat aldiz bildu dira enpresako zuzendaritzarekin langileen ordezkariak, azkena maiatzaren 9an, baina adostasunik gabe altxa dira mahatik bilera horietan. Orain, UGT, CCOO eta USOk aurreakordioa sinatu dute, asteartean egindako negoziazio mahaian.

ELA: "Ez da erosahalmena bermatzen"

Bilbobuseko langileen artean ordezkaritza duen ELA sindikatuak ez du aurreakordioa sinatu ez dituelako "begi onez ikusten" gainerako sindikatuek adostutako baldintza ekonomikoak.

Bere esanetan, "langileek ez dute erosahalmena bermatuta izango", akordioak ez baitu jasotzen urtekako KPIaren araberako soldata igoerarik, are gehiago, "Madrilgo legeek ezartzen duten funtzio publikoko soldata igoeraren araberakoa izango da", salatu du sindikatu abertzaleak. Hala, UGT, CCOO eta USOri egotzi die 50 greba egun baino gehiagoren ondoren, enpresari "eduki horiek oparitzea".