Enpresa-batzordearen gehiengoaren eta Biobideren artean aurreakordioa lortu dute. CCOO, UGT eta LSB alde azaldu dira, eta ELA, LAB eta ESK, kontra. Asteazkenean dira langileen batzarra eta Bilboko Udala akordio hau onartzen duten ala ez erabakitzekoak.
Apirilaren 9an hasitako greba mugagabeari amaiera emateko aurreakordioa lortu dute asteartean, ekainaren 25ean. CCOO, UGT eta LSBren gehiengo sindikalak eta Biobide enpresak lortu zuten aurreakordioa. ELA, LAB eta ESK sindikatuek akordioa ez dute onartu. Aurretik, maiatzean sindikatu berek beste aurreakordio bat lortu zuten greba “bertan behera” uzteko, baina Bilbobuseko langileek ez zuten onartu, 287 aurkako boto eta 249 alde jasota, Eldiario.es komunikabideak jaso duenez. Aurreakordio horretarako, ELAk adierazi zuen akordioan ez zela “soldata-igoerarik jasotzen urteko KPIaren arabera” eta LABek nabarmendu zuen “soldatak KPIarekin lotzea langileak ez pobretzeko bidea” zela.
Aurreakordio berri hau Bilboko EH Bilduk osteguneko osoko bilkurarako mozioa aurkeztu ondoren etorri da, non Bilbobusen kudeaketa zuzena bere gain hartzeko “beharrezko pausuak” ematea eskatu dion Bilboko Udalari, 2021. urtetik dagoen “lan-gatazkari irtenbidea emateko eta konponbideak bilatzeko”, Bilbo Herri Irratiak jaso duenez. Aurreakordioaren arabera, Bilbobuseko 600 langile-inguruen soldata-igoera funtzio publikoan aplikatzen denaren parekoa izango zen eta CCOOko iturrien arabera, 2022rako eta 2023rako funtzio publikoaren soldata-igoera gehi %4 hitzartuko zen eta 2024, 2025 eta 2026 urteetako soldata igoerak sektore publikoan adostutakoak izango ziren, EITBk informatu duenez.
Ekainaren 25ean lortutako aurreakordioa arbuiatzeko ELAk zenbait arrazoi eman ditu: “ez du erosahalmena bermatzen, langileen eskubidearen aurka egiten du eta ez du kontratazioan dagoen gatazka konpontzen”. Aurreakordio berri honetako proposamenaren ondorioz “Espainiako Gobernuak langile publikoen arloan hartzen dituen erabakien mendekoa izango dira soldata igoerak”, ELAk azpimarratu duenez. LABek bere aldetik, akordio honek aurreko akordioarekiko ia alderik ez duela adierazi du, eta erosteko ahalmena berreskuratzea ez duela bermatzen eta kontratazioarekiko gatazka ez duela konpontzen nabarmendu du.