argia.eus
INPRIMATU
Bilbobuseko eta Bizkaibuseko linea batzuk 24 orduko greba egiten ari dira
  • Bizkaibuseko Ezkerraldea Meatzaldea Bus, Pesalur eta Gam Txorierri enpresetako eta Bilbobuseko 2.000 langile daude grebara deituta. 250.000 erabiltzaile ingururi eragiten ari zaie greba deialdiak.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 21
Argazkia: @Eljoventopo

Bilbobusen eta Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan 24 orduko greba egiten ari dira gaur, ostiralean. Langileen eta Bilbobuseko zuzendaritzaren arteko akordioak gertu zirudien arren, atzo, ostegun iluntzean, egindako azken bileran negoziazioak hautsi ziren, San Tomas eguneko greba deialdiari eutsiz.

Jose Fernandez enpresa batzordeko presidente eta UGT sindikatuko delegatuaren arabera, “asteazkenean aurreakordioa lortu genuen baina azken xehetasunak adosteko orduan dena bertan behera geratu da eta ia negoziaketen hasieran bezala gaude ".

Ezkerraldean, Enkarterrian, Durangaldean, Arratian, Nerbioi Garaian, Txorierrin ibiltzen diren autobusei eta Loiuko aireportura doazenei eragingo die grebak. Eusko Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu.

ELA sindikatuak azpimarratu duenez, “langileak grebara joango dira kalitatezko zerbitzu baten defentsan eta enpresek inposatu nahi dituzten prekarizazio politikei aurre eginez".

Bilbobuseko eta Bizkaibuseko hiru enpresa horietako langileek manifestazioak antolatu dituzte. Bilboko kaleetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren atarian eta Bilboko udaletxearen aurrealdean iragarri dituzte protestak.