argia.eus
INPRIMATU
Bilbo Zaharrean etxe-kaleratzea gelditzeko saiakeraren ondorioz, tratu bat egitea lortu dute
  • Etxetik kaleratu duten emakumeak epaiketa izan zuen, eta azkenean kaleratu egingo zutela jakin arren, ez zekien noiz izango zen data zehatza. Etxetik kaleratzeko abisua asteartean jaso zuen, adieraziz bi egunen buruan kanporatuko zutela. Hamarnaka lagun kaleratzea gelditzeko saiakeran aritu dira ostegun goizean eta AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak kaltetuarentzat alternatiba habitazionala negoziatzea lortu du Udalarekin. Ertzaintza eta Udaltzaingoa oldartu egin dira bertan zeudenen aurka.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko irailaren 10
(Argazkia: Ecuador Etxea)

Goizean goizetik, hamarnaka lagun batu dira Bilbo Zaharreko Urazurrutia kaleko 35. zenbakidun eraikinaren parean. Bertan bizi zen Carmen, ostegunean etxetik kaleratu duten bizilaguna. Kaleratzea gelditzea zuten helburu etxeko atarian bildutako herritarrek.

Asteartean izan zuen Carmenen egoeraren berri AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak. Azaldu dutenez, kaleratze agindua ekainaren 8koa bada ere, kaltetuak ez zuen abisurik jaso asteartera arte. AZETeko kide batek ARGIAri jakinarazi dionez, Carmenek 60 urtetik gora ditu eta epaiketa izan zuen alokairua ez ordaintzeagatik. "Bazekien kaleratuko zutela, baina ez zekien noiz", azaldu du. Hala, etxekaleratze aginduak ustekabean harrapatu du, eta horren aurrean AZETek "kaleratzea berehala geldiaraztea" exijitu eta etxekaleratzea gelditzeko deialdia zabaldu zuen asteazkenean.

Deialdiari erantzunez, hainbat lagun batu dira ostegun goizean kaleratzea gelditzeko asmoz. Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa bertaratu dira, eta agenteak jendeari oldartu zaizkie.

Negoziaketan amaitu duen kaleratzea

AZETeko kideak azaldutakoaren arabera, Carmenek bi aterabide posible eskatu ditu: edo kale gorrian geratu ez dadin alternatiba bat bilatzeko denbora pixka bat eman diezaioetela, edo gizarte laguntzaileak hurbil daitezela, tratu bat egiteko. Etxebizitza Taldearen bitartekaritzarekin lortu dute bigarren bide horri eustea. Goizean ARGIAri helarazi diotenez, beren xedea zen tratu bat egitea lortzea Carmen "alternatiba habitazional batekin" joan zedin etxetik; esan eta egin, Bilboko Udalarekin eta Gizarte Larrialdietarako Udal-Zerbitzuarekin (GLUZ) negoziaketa egitea lortu dute. Jakinarazitakoaren arabera, Carmen aterpetxe batera bideratuko dute berehalako irtenbide moduan. Hala ere, ez da bertan geratuko; adostu dute udalak behin behinean ordainduko diola bizilekua, kaltetuari etxebizitza gastuei aurre egitea posible zaion arte.

Utzikeriaren salaketa

AZETek sare sozialen bidez salatu egin du Bilboko Udalaren eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen utzikeria. "Egoera honen ardunadunak nortzuk diren argi daukagu eta ozen salatu nahi dugu bai Bilboko Udalaren bai oinarrizko gizarte-zerbitzuen utzikeria. Jakin dezatela ez diegula utziko bizilagun bat ere kale gorrian uzten", azpimarratu dute.