argia.eus
INPRIMATU
Bilbo Zaharra “biziberritzea eta hauspotzea” helburu izango du Xake espazioak
  • Xake espazioa Bilbo Zaharrean "auzoa biziberritzeko eta hasupotzeko" sortutako proiektua da. Joan den abendutik daramate auzokideek alokatutako lonja berritzen eta auzotarrentzako proiektuak garatzen, eta larunbatean Xake Festa egingo dute plazan.

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko maiatzaren 19a

"Auzotik auzora" eraikitako espazioa da Xake, azaldu dio URIOLAri bertako kide den Mikel Etxaburuk. Joan den abenduan Bilbo Zaharreko plazan taberna eta lonja bat alokatu zituzten auzokideek, "auzoa biziberritzea eta hauspotzea" helburu dutenak. Taberna astebururo daukate irekita, baina oraindik lonja berrizteko lanetan ari dira. Laster auzotarrentzako erabilgarri izango dutela aurreratu dute, umeentzako ludoteka, hitzaldiak, ospakizunak, bilerak, aurkezpenak, erakustaldiak… egiteko prest.

Proiektua garatzeko auzoko gainontzeko eragile eta elkarteekin elkarlanean ari badira ere, ez dute "beste elkarte bat" izan nahi. Helburua "auzokideen arteko sinergia bateratuak” sortzea da, "indarrak bildu eta auzokideak aktibatzea". "Ahalik eta nortasun gehien" bildu nahi dituzte, eta horretarako auzolana eta autogestioa "ezinbesteko tresna" direla azaldu dute.

Xake Festako kartela.
Xake Festa

Larunbat honetan, maiatzak 20, Xake Festa ospatuko dute Bilbo Zaharreko plazan. "Plaza dugu bihotz; elkarlana taupada" lelopean, egun osoko egitaraua antolatu dute. Besteak beste, musika, bertso bazkaria, umeentzako tailerrak, kale antzerkia, txokolotada, plaza jolasak eta kontzertuak egongo dira egunean zehar. Helburua auzokideak "plazara ateratzea" eta "nahi duten neurrian parte hartzea" da, "plazak batzen baikaitu".

Plazatik Plazara auzo diagnostikoa

Xake espazioaren oinarrietako bat "auzokideak auzoaren eraldaketaren protagonista izatea" den heinean, Plazatik Plazara izeneko auzo diagnostikoa jarri zuten martxan orain dela bi aste. Kale inkestak, buzoneoak, batzarrak… egiten ari dira auzokideek zein nolako auzoa nahi duten jakiteko. Asmoa auzoaren diagnostiko sakona egitea da, gerora identifikatutako gabeziei auzolanean erantzuteko. "Eztabaida eraikitzailea" eta "parte hartze horizontalaren" bitartez auzokide guztiei eman nahi diote aukera auzoaren inguruko iritzia emateko eta proposamenak luzatzeko.

Helburu horiek lortzeko egiten ari diren ahalgina "oso handia" dela azpimarratu nahi izan dute Xake Espazioko kideek. "Bidea ez da erraza izaten ari", azaldu dute, baina "beharra badagoela" eta duten "ilusioa gabeziak baino handiagoa" dela argi utzi dute.

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziarekin ekarri dugu ARGIAra.