ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuak kalera irten dira Euskal Herriko hiriburuetan, prekarietatea salatzeko eta lan baldintza duinak zein justizia soziala eskatzeko. Manifestazio nagusiak Bilbon, Baionan eta Iruñean izan dira.
Langilearen Nazioarteko Egunaren karietara milaka herritar atera dira kalera alderdiei eta patronalari eskatzeko lan baldintzen hobekuntza, lan hitzarmen justuak, eredu ekonomiko eta sozial berria, pentsio duinak eta justizia soziala, besteak beste.
ELAk eta LABek Bilbon eta Iruñean egin dituzte deialdi nagusiak. ELAren manifestazio nagusia Bilbon izan da, “politika antisozialik ez” lemapean eta 11.000 pertsona elkartu dira, sindikatuaren arabera. Ekitaldian Adolfo Muñoz ‘Txiki’ idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritza, EAJ eta enpresariak kritikatu ditu, ELAk egiten eta esaten duenaren aurka “oso modu gogorrean” erantzuteagatik. 150 egun greban daramatzaten Bizkaiko zahar etxeetako langileak gogoan izan dituzte.
“Langileria euskal estatuaren alde, aldaketa sozialerako subiranotasuna” lemapean ospatu du LABek Maiatzaren Lehena. Pertsona guztiak modu duinean bizitzea ziurtatuko duen eredu ekonomiko eta sozial berria lortzeko subiranotasuna eskatu du sindikatu abertzaleak. Bilboko manifestazioa Sabin Etxean amaitu da, han Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak euskal estatua aldarrikatu du eta EAJri leporatu dio PPrekin negoziatzea eta ez beste agente politiko eta sozialekin. Baionan 2.000 pertsona inguruk parte hartu dute LABek eta Bizik deitutako manifestazioan, “Fronte Nazionalaren aurka eta hura elikatzen duten politiken aurka”.
CCOO eta UGT Euskadik elkarrekin ospatu dute Langilearen Nazioarteko Eguna eta Bilbon egin dute ekitaldi nagusia. Prekarietatea sortzen duten egungo austeritate politikekin jarraitzeko aitzakiarik ez dagoela defendatu dute. Unai Sordo CCOO Euskadiko idazkari nagusiak ziurtatu du ez dagoela arrazoirik soldaten bitartez aberastasunak ez banatzeko eta Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusiak kalitatezko enplegu egonkorra lortzeko neurriak eskatu ditu.
CNT, CGT, Steilas, Cobas, ESK eta Anticapitalistas sindikatuek Donostian egin dute deialdi nagusia eta 600 pertsonak parte hartu dute. Iruñean ere manifestazioa egin dute.
Euskalerria Irratiak, Berriak eta Naiz.eus-ek zabaldu dituzten argazkiak: