argia.eus
INPRIMATU
Bilbo ez dagoela salgai salatu dute zubitik behera salto eginez
  • Larunbatean Bilboko itsasadarrean burututako Red Bull Cliff Diving World Series jauzi lehiaketan egin zuten ekintzagatik zigortu dituzte Piztu Bilbo, Itzali MTV eragileko hainbat ekintzaile. Bederatziri Mozal Legea ezarri diete.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 02a

La Salve zubian jauzi lehiaketa burutu bitartean, “salto txapelketa propioa” egin zuen Piztu Bilbo, Itzali MTV eragileak. Pedro Arrupe zubitik “Bilbo erakusleihoari ez. Piztu Bilbo, Itzali MTV” lelodun pankarta bat zintzilikatu eta bi ekintzailek errekara salto egin zuten, Red Bull Cliff Diving World Series lehiaketa parodiatuz. Salto egin zuten bi gazteak eta uretan hauen zain zegoen beste bat identifikatu zituen Guardia Zibilak. Lehenengo biei “itsas segurtasunaren aurkako delitua eta desordena publikoak” leporatu dizkiete. Zubian zeuden bederatzi lagun ere identifikatu ditu Ertzaintzak, eta Mozal Legea aplikatu.

Eragileak, orain arte egin bezala, erakunde publikoek bultzatzen duten hiri eredu neoliberala kritikatu eta beste Bilbo bat jarri du balioan. Ekintza egin bitartean, “miseria soziala” salatzeko komunikatua irakurri zuten. “Industria turistikoak dakarren kapital espaniar eta mundialari ateak zabaltzeak Bilbon bizi garenontzat eskubideen urraketa sistematikoa” eragin duela salatu zuten. Ekintzarekin, makro-jaialdien aurrean “Bilbo bizia irudikatu eta exijitu” nahi izan dutela adierazi dute.

Larunbateko gertakariaz El Correo egunkariak hedatutako informazioa faltsua dela ere salatu du eragileak. Albistearen arabera Piztu Bilbo, Itzali MTVko parteideek erabilitako bengalek oinezko bat beldurtu zuten, eta horregatik bere burua errekara bota behar izan zuen. Oinezkoa Guardia Zibilak erreskatatu behar izan zuela dio albisteak. Ekintzaileek informazio hori gezurtatu dute: beldurrez itsasadarrera salto egin zuen oinezkorik egon ez zela, eta Guardia Zibilak uretatik ateratako norbanakoak “ekimeneko bi parte hartzaileak” zirela argitu dute.

Ekintzaren bideoa: