Asteartean eman du ezagutzera bere burua UEFAko Eurokoparen harira Bilbon egingo diren partiduen aurka egitea helburu duen dinamikak. Bilboko San Mames futbol zelaiaren inguruetan egin dute aurkezpena.
UEFAk Eurokoparen XVI. edizioari bide emango dio 2020ko ekaina eta uztaila artean, eta Espainiako futbol federazioak egindako proposamena tarteko, Bilboko San Mames futbol zelaian jokatuko dira txapelketako lau partida. Hiritar guztiek ez dute begi onez jaso berria, eta Eurokopa Bilbora ekartzeak sorrarazi dien gaitzespena adierazteko Bilbao Eurocopa honi ez 2020 dinamika abiatu dute.
“UEFA 2020 burgesia vasco-espainolak gure hirira ekarriko duen hurrengo makro-ekitaldia izango da”, salatu dute dinamikako kideek, eta halako ekitaldiak ez Bilbon ez Euskal Herriko beste edozein hiritan ez dituztela nahi adierazi. Honako honetan negoziorako aitzakia futbola bada ere, futbolaz harago doan irakurketa egin dute, eta Eurokopa burgesiaren estrategia jakin baten baitan kokatu: dinamikaren arabera, Eurokopa Bilbora ekartzeko interesaren atzean, Bilbo burgesiaren klase interesen neurrira egindako erakusleiho-hiri bilakatzeko helburua dago.
“G7arekin edo Espainiako Itzuliarekin egin duten bezala, espainia eta frantziako estatuek aukera guztiak baliatuko dituzte Euskal langileriaren proiektu nazionala berriz ere ukatzeko”, adierazi dute. Horren adierazletzat jo dute Euskal Selekzioari ofizialtasuna ukatzen zaion bitartean Espainiako eta Frantziako selekzioek bertan jokatzea. “Bilbo espainiako hiria bailitzan saltzen du nazioartean, EAJk ordezkatzen duen burgesia autonomistaren konplizitatearekin”, nabarmendu dute. Horrez gain, adierazi dute ulergaitza zaiela “Turkia eta Israel bezalako estatu genozidek parte hartzeko aukera izatea”.
Eurokopak aberastasuna ekarriko duela dioen "diskurtso faltsua" zabalduko dutela aurreikusi du dinamikak, eta hasieratik berau gezurtatu: “Eurokopa honek ez du inolako aberastasunik ekarriko euskal langileriarentzat. Haien argi distiratsu, irribarre hipokrita eta lelo hutsen atzean langile klasearen esplotazioa, gure bizitzen prekarizazioa eta espazio publikoaren merkantilizazioa eta pribatizazioa baino ez da egongo”.
Makro-ekitaldiak emakumeenganako indarkeriaren areagotzea ere ekarriko duela jakinarazi dute: “Eurokopan ere, kapitalismoak sistema heteropatriarkal eta binarioa emakumearen irudia darabil gizonezkoen kontsumorako, iragarki matxisten bidez kasu. Aurretik aipatutako menperatzearen baitan, emakume prekarizatuenak izango dira bertan gehien sufrituko dutenak”. Besteak beste, emakume langileenganako erasook pairatuko dituztenak garbitzaileak, sexu langileak edota ostalariak izango direla adierazi dute. “Eurokopa honen bidez ere, kapitalak eragindako emakumeenganako zapalkuntza erantsiaren aurka agertzen gara guztiz”, jakinarazi dute.
Eurokopak ekarriko dituen albo-kalte guzti hauei hiriko presentzia polizialaren areagotzea gehitu behar zaiola gogorarazi dute: “Inposizio honen aurka sortuko diren mugimenduak errepresiboki kolpatzeko tresna guztiez baliatuko dira Euskal Herria beste behin estatu polizial bat bilakatuz. Gure kaleak zipaioz, gurdia zibilez, zein bestelako indar polizialez beteko dira. Hauen eginkizuna boteredunen interesak eta Euskal Herrira etorriko diren faxistak babestea izango delarik”.
Faktore guzti hauengatik sortu dute Bilbao Eurocopa honi ez 2020 dinamika, eta aurkezpenetik bertatik argi utzi makro-ekitaldiari aurre egingo diotela: “Kapitalaren metropoliari, bizitza eredu burgesari, makro-ebentuei eta gure bizitzen merkantilizazioari, duintasunez erantzungo diegu, gure kaleak eta bizitzak berreskuratuz, haien aberastasunak gure miseria dakarrelako”.