argia.eus
INPRIMATU
Bilbao Bizkaia Harro-k erakunde publikoetatik 400.000 euro jaso izana gaitzetsi du Ehgamek
  • Diru publikoa LGBTI+ kolektiboaren problematikak merkantilizatu eta administrazioaren “pinkwashing-a” egiteko soilik erabiltzea egotzi die erakundeei.

Uriola.eus @uriolaeus 2024ko ekainaren 07a

LGBT+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren atzera-kontuan maiz entzuten da azken urteetan pinkwashing terminoa, kolektiboaren aldeko aldarriak instituzio, herrialde, pertsonak eta enpresak sustatzeko marketin estrategia gisa erabiltzea, alegia. Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak Bizkaiko Foru Aldundian, Bilboko Udalean eta Eusko Jaurlaritzarengan jarri du begirada, Bilbao Bizkaia Harro ekimena, antzina BilboPride izenez ezagutzen zena “ekainaren 28an LGTBI+ mugimenduaren aldarrikapenak eta arazo historikoak merkantilizatzen dituen jaialdia” dela adierazita. Erakunde hauek “diru publikoz ureztatzea” egotzi diete; kolektibo sexodisidenteak plazaratu dituen zifren arabera, EAJrekin loturak dituen Ortzadar LGBT elkarteari 400.000 euro baino gehiagoko transferentzien bidez.

Administrazio publikoak 2019 eta 2023 urteen bitartean ospakizun horretan diru kopuru handiak txertatu dituela ziurtatu du kolektiboak, zehazki 240.000 euro 2019an, 20.130 euro 2020an eta 74.644,83 euro 2021ean, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. 2022an eta 2023an 35.412,65 euro eta 35.801,76 euro iritsiarazi zizkioten Ortzadarri diru-laguntza izendunen, kontratu txikien eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza batuta.

Ehgamek salatu du Bilbao Bizkaia Harro Bilboko Udaleko Turismo Sailak diseinatu eta Ortzadar LGBT elkarteak antolatu duela, diru-laguntza publikoz EAJ eta gertuko kideen onurarako baliatzeko. "Ospakizun hori erdi-goi mailako atzerriko turismo gay diruduna sustatzea bilatzen duen plan merkantilista baten parte da, eta horren atzean LGTBI+ mugimenduak Bilbon eta Bizkaian dituen behar, arazo eta errebindikazio errealekiko erabateko interes eza ezkutatzen du, eta hori pinkwashinga da", azaldu du elkarteak. Bilbao Bizkaia Harrok sustatzen duen jai-eredua guztiz gaitzesten duela gehitu du Ehgamek, harrotasuna baino “harropuzkeria” erakusten duela eta instituzioek eta Ortzadar LGBTk kudeatzeko erabakia hartzeak, tokian tokiko E28 Koordinadoren esku utzi beharrean, eta herritarrei deitu die Bilbao Bizkaia Harroren ekitaldietan parte ez hartzera.