argia.eus
INPRIMATU
Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!
Imanol Gonzalez Uxue Bejarano IƱigo Alonso LAB sindikatua @labsindikatua 2024ko uztailaren 04a

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko bizikidetzaren, herri antolatuaren edo desantolaketa antolatuaren adibide bat dira. Bizitzaren eta balio amankomunen oasi, elkargune.

Duela zenbait urtetik hona, udako herrietako jaien artean, oso bestelako jai-eredu bat finkatu da: makrofestibalena. Lehen aipatutakoarekiko oso desberdina da eredu hori, eta adjektibo desberdinak ditu, hala nola pribatizazioa, elitizazioa, turistifikazioa eta prekaritatea.

Lan-baldintza ziztrinak eta legez kanpokoak: lanaldi amaigabeak, orduko prezioa hitzarmenetik behera, atzerapenak ordainketetan, iruzurrezko kontratuak (hori kontratua dagoenean, noski), atsedenaldiekiko errespeturik ez...

Horien artean, Bizkaian badugu besteen gainetik nabarmentzen den bat, gure icebergaren punta, uztailaren 11n, 12an eta 13an Bilboko Kobetamendin egingo den Bilbao BBK Live, alegia. Zergatik esaten diogun iceberga? Erakusten duena baino gehiago ezkutatzen duelako. Entzun al duzu inoiz "icebergaren punta" esamoldea? Gainazalaren azpian ezkutatzen den guztiaren zati txiki bat bakarrik ikusten duzula esan nahi du. Horregatik, gizarte gisa murgildu egin behar gara ezkutuan duen hori ikusi ahal izateko, eta BBK Livek ezkutatzen duen horretan murgiltzeak beldurra ematen du.

Lan-baldintza ziztrinak eta legez kanpokoak: lanaldi amaigabeak, legeak baimentzen duenaren gainetik, orduko prezioa hitzarmenetik behera, atzerapenak ordainketetan, iruzurrezko kontratuak (hori kontratua dagoenean, noski), higiene-baldintza penagarriak, atsedenaldiekiko errespeturik ez... Hori guztia, soilik apur bat murgilduta. Imajina ezazue zer aurkitu dezakegun Last Tour (horren eta beste makrofestibal batzuen sustatzailea) eta bere enpresa-multzo osoak benetan biltzen duen guztia ikusteko aukera izanez gero. Eta Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren oniritzia eta dirulaguntza publikoa dituzte.

Icebergak poloetako luizietatik datozen bezala, jaialdi hauek hiri- eta gizarte-eredu konkretu batetik eratortzen dira, zeinetan biztanleek, bertakoek, hiritarrek... ez duten inolako garrantzirik, turistifikazioaren, pribatizazioaren eta gutxi batzuen diruzko irabazi madarikatuen mesedetan. Bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko hiriak, espazioak, inguruak... nahi ditugu, herritar gisa ditugun eskubideak errespetatuak izan daitezen. Bestela, horrela jarraitzen badugu, lagunok, esaera herrikoi bat sortuko da, honela esango duena: Bilbao BBK Live-k life-a xurgatzen dit!

Imanol Gonzalez, Uxue Bejarano eta Iñigo Alonso

Bilboko LAB sindikatua