Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendaria elkarrizketatu du Deia egunkariak. Karguan daramatzan 6 hilabeteen balantzea egitearekin batera adierazi du ETAren biktimen barkamena ezin dela prozesua blokeatzeko arrazoia izan.
Bere lehen betebeharretako bat, biktimekin harremanetan jartzea izan zen, egituratzen hari ziren Bake eta Bizikidetza plana aurkeztu eta lantzeko. “Giza eskubideen errespetua” ezinbestekotzat jo du bake eta normalizazioan oinarritutako etorkizuna lortze bidean, baina era berean azaldu du, ETAren biktimen barkamena ez dela sine qua non baldintza bat prozesua gauzatzeko eta ezin dela barkamenaren izenean prozesua blokeatu.
Derrigorrezkoa iruditzen zaio, normalizazio prozesu horretan biktimen parte hartzea. Instituzioek biktimak entzun eta hauen ikuspegia baloratu behar dutela adierazi du.
Presoen dispertsioaz galdetu diotenean, arlo horretan konpetentziarik ez izateak lana asko zailtzen duela esan du Hernandok. Madrilekin harremanetan jarraitzen dute, baina Rajoyren exekutiboaren immobilismoa kritikatu du Hernandok. “Ez dakit gobernuaren proposamenik iritsiko den, baina iritsi beharko luke”.
Jonan Fernandezen inguruko tirabira gainditua
Zenbait biktima elkartek Jonan Fernandezen izendapena ez zutela begi onez ikusi gogorarazi dio kazetariak Hernandori. Gai hori gainditutzat eman du Jaurlaritzako kideak, nahiz eta batzuetan desadostasunak edo tentsioak sortu izan dituela onartu duen.