argia.eus
INPRIMATU
Biktimen arteko bereizkeriekin bukatzeko hainbat proposamen plazaratu ditu Foro Sozialak
  • Datu ofizialen arabera, hildakoei dagokienez, 364 dira Estatuaren biktimak, talde polizial eta parapolizial desberdinek eragindakoak –GAL, BVE, Triple A edo polizia ezberdinak–. Biktima horien artean argitu gabe dauden kasuak "agenda politikoan" sartzea galdegin du Foro Sozialak.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 27a

Datu ofizialen arabera 364 dira GALek, BVEk, Triple Ak eta polizia mota ezberdinek hildako euskal herritarrak. Horietatik %38 argitu gabe daude oraindik, eta hori da biktima horiei buruzko "diskriminazio adierazpenik nabarmenenetako bat" Foro Sozialaren ustez. Biktima guztiei buruzko egia jakiteko gisan, hauena ere agenda politikoan kokatzeko proposamena luzatu du Foro Sozialak.

"Egiaren batzorde bat" sortzeko beharra azpimarratu dute "Bizikidetza demokratikoaren Itun Sozial eta Instituzionalerako Oinarriak" izeneko dokumentuan: Bidea eta helburua argiki azaldu ditu foroak: "Txosten ofizialak, [Espainiako] sekretu ofizialen lege berria eta abar bezalako mekanismoetan sakontzea, biktima guztiek egia jakiteko aukera izan dezaten eta beren mina sendatzen aurrera egin dezaten".

Mota guztietako biktimekiko bereizkeria, hitzezkoa edo ekintzazkoa, gainditzea urgentetzat dauka Foro Sozialak. Erreparaziorako politika publikoetan erakundeak "eredugarriak" izatea nahi du. Hala ere, horretaz "oso urrun" gaudela deitoratzen du foroak.  Hori horrela, bereizkeria horiek "haustura sakona" dakarte estatuaren biktimek politika instituzionalarekiko duten konfiantzan, eta Justiziarekiko "mesfidantza" ere areagotzen dute. Horren adibide da EAEko 12/2016 legea, zeinaren bidez biktima horiek aitortza jaso behar zuten. Espero baino biktima gutiagok egin zuten kalte ordaina jasotzeko eskaera.