argia.eus
INPRIMATU
Bikotekiderik gabekoen amatasun baimena zergatik ez da bikoteena bezain luzea?
  • Aldarrikapena publiko egin dute berriz ere: bikotekiderik gabe guraso izatea erabakitzen dutenei amatasun baimena baino ez dagokie Hego Euskal Herrian, umea duten bikoteek epe luzeagoa eskaini diezaioketenean haurra lehen hilabeteetan zaintzeari. Guraso bakar direnentzako diskriminatzailea eta jaioberrien kaltetan dela salatu dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko uztailaren 13a

Colectivo Ronda kooperatiba juridikoak kontatu du El Salton. Bikotekidea hiltzen bada, adibidez, bizirik den gurasoak eskubidea du bien baimena hartzeko, “bi gurasoak bizirik balira umeak jasoko lukeen arreta baino txikiagoa ezin baitzaio eskaini umeari”, dio legeak Espainiako Estatuan. Argudioak, ordea, ez du balio biologikoki, adopzioz edo harreraz guraso bakarrik izan nahi duenarentzat.

Legeak onartzen ez duena, epaitegiek bai

2020an, EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpen aitzindaria eman zuen: bikotekiderik gabeko amari 24 asteko amatasun baimena aitortu zion –garai hartan amari 16 asteko baimena eta bikotekideari 8 astekoa zegokion, Espainiako legediaren arabera–. Fiskaltzak helegitea jarri dio ebazpenari eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi edo ezeztatu behar du. Bitartean, EAEko Auzitegi Nagusiaren bidea jarraitu dute beste hainbat ebazpenek ere, eskatu duten amei bikote bati dagokion baimena onartuz.

Epaitegietara jo behar izan gabe, baina, legeak eskubide hori aitortu beharko lukeela gogoratu du Colectivo Rondak, “umearen ongizatearen onbeharrez dela ulertuta eta haur hauek tratu diskriminatzaile bat jaso ez dezaten”.