argia.eus
INPRIMATU
Bikotekidearen indarkeria matxista jasan du munduko emakumeen laurdenak baino gehiagok
  • The Lancet hedabide zientifikoak kaleratutako ikerketa baten emaitza da, Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) ikerlariek eginikoa: mundu osoko 15 eta 49 urte arteko emakumeen gutxienez %27ri sexu-erasoak edota fisikoak egin dizkie gizonezko bikotekideak. Ohartarazi dute horren aurkako neurriak jartzea "munduko osasun publikoaren erronka" dela.

Leire Artola Arin 2022ko otsailaren 21a
Eraso matxisten aurkako kontzentrazio baten artxiboko argazkia.

Gutxienez munduko lau emakumetik batek jasan du bikotekide heterosexualaren aldetik indarkeria matxista, The Lancet hedabideak argitaratutako ikerketaren arabera. OMEk zuzendu du ikerketa, eta 161 herrialdetako 2 milioi emakumeren erantzunak bildu dituzte, 2000 eta 2018 urteen artekoak: euren bikote ziren gizonek erasotu dituzte haietako laurdena baino gehiago, fisikoki edota sexualki. Indarkeria psikologikoa ez dute neurtu, "zailagoa" delako zehaztea, baina horretan lanean dabiltzala ziurtatu dute.

Ikertzaileek mahai gainean jarri dute COVID-19aren pandemiak, ziurrenik, etxean jasandako indarkeria matxista areagotu egin duela, emakume askok erasotzaileekin bizi behar izan baitute etxetik ateratzeko aukerarik eta laguntza-zerbitzurik gabe. Beraz, emandako datuak are kezkagarriagoak liratekeela jakinarazi dute. Azpimarratu dute indarkeria matxistari aurre egiteko politikak hartzea eta baliabideak jartzea "munduko osasun publikoaren erronka" dela.

"Bikotekideen partetik jasandako bortxak eragiten die milioika emakume, haur, familia eta gizarteri mundu osoan", adierazi du Claudia García Moreno ikertzaileak, The Washington Post hedabidek jaso duenez.

Urte bakarrean 492 milioi andre erasotuta

Ikerketaren azken urtean, 2018an, gutxienez 492 milioi andre erasotu zituzten euren bikote heterosexualek. Halaber, datuek erakutsi dute genero indarkeria oso goiz hasten dela, izan ere, galdekatutako 15 eta 19 urte arteko nesken lautik ia batek (%24) pairatu du indarkeria matxista.

Ikerlariek nabarmendu dute herrialdeen artean aldea dagoela, eta herrialde pobretuetan zifrak altuagoak direla. Besteak beste, daturik okerrenak dituzte Fijik (%52), Bangladeshek (%50), Afganistanek (%46) eta Boliviak (%42). Aldiz, datu baxuenak dituzte Georgiak eta Armeniak (%10), Singapurrek (%11) eta Suizak (%12). Halere, daturik "onenek" ere indarkeria tasa handia adierazten dute: hamar emakumetik bat erasotu du gizonezko bikotekideak.