Zendutako gizona zaurituta joan zen Bilboko udaltzainengana astelehenean, eta bikotekideari egotzi zion erasoa. Emakumeak gizonezkoa salatua zuen indarkeria matxistagatik.
Gizonezkoa zaurituta agertu zen Bilboko Harrobia plazan udaltzaingoak duen polizia etxean. Bikotekideak labana batekin eraso ziola azaldu zien. Gizona larri zauritua zegoela jabeturik erietxera eraman zuten larrialdi zerbitzuek. Goizean hil zen. Udaltzaingoak emakumea atxilotu du, bikotekidea hiltzea egotzita. Hildakoak 40 urte zituen, eta atxilotutako andreak 35.
Udaltzainei gizonezkoak azaldu zienaren arabera, Bilboko San Frantzisko auzoko etxe batean zirela eraso zion labanarekin emakumeak astelehen goizaldeko 02:00 aldera. Udaltzainek polizia etxe nagusian izan zuten astelehenean atxilotutako andrazkoa egun osoan, epailearenera eraman aurretik. Polizien lehen susmoa da andrazkoak gizona hiltzeko ahalegina egin zuela, eta hark, erasoa jasan eta gero, oinez egin zuela udaltzainenganako bidea andrearen aurkako salaketa jartzeko.
Bilboko Udaltzaingoak ikerketa abiatu du jazotakoa argitzeko. Jakinarazi dutenez, andreak gizona salatua zuen indarkeria matxista leporatuta, eta andrearengana hurbiltzeko debekua ezarria zuen epailearen aginduz.