argia.eus
INPRIMATU
Oxfamen txostena 2024
Bikoiztu egin dituzte fortunak munduko bost aberatsenek azken hiru urteetan
  • Egunero milioi bat dolar xahutuko balitu bost aberats horietako bakoitzak, 476 urte beharko lituzkete aberastasun guztia agortzeko. Era berean, 2020tik hona, munduko 5.000 milioi pertsonaren erosahalmena murriztu egin da. Oxfam GKEaren aurtengo txostenaren emaitzak dira.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urtarrilaren 16a

Hiru estatubatuar eta frantses eta hegoafrikar bana daude bost aberatsenen zerrendan: Jeff Bezos –Amazonen burua–, Larry Elison –Oracle software enpresaren jabea– eta Warren Buffet –inbertsore eta espekulatzailea–; Elon Musk –SpaceX eta X sare sozialaren jabea–; eta Bernard Arnault –luxuzko artikuluen sektoreko enpresaria–.

Munduko bost pertsona aberatsenak diren horiek, 2020tik 2023ra, %114 handitu dute haien aberastasuna, epe berean munduko 5.000 milioi pertsonak galdu dutenaren kontura.

Datu esanguratsu bat eman du Oxfamen aurtengo txostenak: egunero milioi bat dolar gastatuko balute aberats horiek, 476 urte beharko lituzkete aurrezkirik gabe geratzeko. Egungo norabideari jarraituta, bestalde, 229 urte beharko lirateke munduko pobreziarekin amaitzeko.

Munduaren banaketa

Harridurarik ez: Ipar Hemisferioan dago munduko aberastasuna. Nahiz eta populazio osoaren bostetik bat baino ez den bertan, ondasunaren hamar dolarretik zazpi Ipar Hemisferioan daude.

Aktibo finantzarioetan, aberatsenetan aberatsenetan, %1ak du munduko finantzen %43a.

Monopolioen bataila

Botere monopolioen arriskuaz ohartarazi du Oxfamen txostenak. Adibide batzuk eman dituzte horretara. Esaterako, farmakoen sektorea aztertu dute: 1995etik 2005era, 60 enpresa farmazeutiko hamar enpresa erraldoi izatera pasatu dira. Hazien merkantzian, bestalde, bi multinazionalek soilik maneiatzen dute munduko merkatuaren %40a. Eta azkenik, harritzekorik ez, interneten: %90ak Google erabiltzen du eta interneteko publizitate gastua aztertuta, lau dolarretik zazpi Meta, Alphabet eta Amazonek jasotzen dute.

Ordainsari apalak

Jasotako datuen arabera, Oxfamek salatu duenez, munduko 1.600 enpresa handienen %0,4k soilik ordaintzen die “duin” haien langileei. Horrez gainera, enpresa handiek politiketan eragiteko gero eta indar handiagoa dutela ere azpimarratu du erakundea.

Kapitalismoaren desberdinkeria azeleratzen nola ari den erakusten ari da urtez urte Oxfam. 2014an ARGIAn informatu genuen nola 85 pertsona aberatsenek munduko 3.600 milioi herritarrek adina zeukaten. 2016an, 62 ziren. 2017rako, 43 ziren. 2019an 26 ziren munduko herritarren erdiak adina zutena. Gero pandemia etorri zen, hamar pertsona aberatsenek bikoiztu egin zuten beren fortuna eta 2022rako, hamar pertsona aberatsenek 3.600 milioi txiroenek baino sei aldiz gehiago daukatela nabarmentzen zen. Bi urtetan –2019ko abendutik 2021eko abendura– munduan sortu den aberastasunaren bi heren –%63– %1 aberatsenaren eskuetan geratu dela nabarmendu du 2023ko txostenak.