argia.eus
INPRIMATU
Bihotzeko Errehabilitazio Unitatea jarri dute Urdulizko ospitalean
  • Gorabehera kardiobaskularrak jasaten dituzten edo jasan ditzaketen pertsonen osasuna hobetu nahi du Osakidetzak.

Olaia L. Garaialde 2023ko abuztuaren 18a
Osakidetzaren helburua pazienteen bizi-kalitatea, osasuna eta ongizatea hobetzea da.

Uribe ESIko Kardiologia eta errehabilitazio zerbitzuetako medikuntzako, erizaintzako eta fisioterapiako profesionalek  lantalde bat osatuko dute gorabehera kardiobaskularrak jasaten dituzten edo jasan ditzaketen pertsonen osasuna zaintzeko. Osakidetzaren helburua pazienteen bizi-kalitatea, osasuna eta ongizatea hobetzea da. Horretarako, zortzi pazienterekin abiatuko den Bihotzeko Errehabilitazio Unitatea jarriko dute martxan Urdulizko ospitalean. Batez beste 58 urte dituzten lau emakumerekin eta lau gizonekin abiatuko da unitatea.

Bi ataletan banatuko dute arreta; alde batetik, heztea helburu duten hamabi saio eginen dituzte. Bertan, gaixotasuna ezagutzen ikasi, eta bihotz gutxiegitasuna eta kardiopatia iskemikoa zer diren azalduko diete. Horretarako, zenbait gai landuko dituzte; hala nola bihotzeko errehabilitazioa ulertzeko, bizi-ohiturak hobetzeko, arrisku kardiobaskularren faktoreak kontrolatzeko eta bihotzeko gaixotasunetan eragiten duten estresa eta antsietatea kudeatzeko teknikak landuko dituzte. Helburua da pazienteak “ahalduntzea” eta “rol aktiboa” izatea.

Osakidetzaren arabera garrantzi “handia” dauka entrenamendua fisioterapiarekin uztartzea; batez ere, arnasa eraginkortasunez hartzeko gai ez direnek edo bihotz-gutxiegitasuna dutenek

Bestetik, hemezortzi saio eginen dituzte entrenamendu pertsonalizatua egiteko. Xedea da gaitasun funtzionala, bizi kalitatea eta pronostikoa hobetzea. Horregatik, Osakidetzaren arabera garrantzi “handia” dauka entrenamendua fisioterapiarekin uztartzea; batez ere, arnasa eraginkortasunez hartzeko gai ez direnek edo bihotz-gutxiegitasuna dutenek. “Indar-entrenamendua funtsezkoa da pazienteen gaitasun aerobikoa hobetzeko, ariketen ondorio diren lesioei aurre egiteko eta bizi-kalitatea hobetzeko”, nabarmendu du Osakidetzak.

Jarduerak Urdulizko Ospitaleko Errehabilitazio Zerbitzuan dagoen gimnasioan egingo dituzte. Horretarako, zazpi ziklo-ergometro, eliptika bat eta bi tapiz gurpildun izanen dituzte. Horrekin batera, indar muskularra eta arnas-fisioterapia entrenatzeko materiala egonen da. Dena gaixoaren beharretara egokituko dute xedea bakoitzaren osasuna “hobetzea” delako.