argia.eus
INPRIMATU
Bihotza bete-beteta
Behe Banda 2025eko martxoaren 24a
Behe Banda

Gaur buruko minez iritsi naiz etxera. Ostiral iluntze hotz bat da; ez du euririk ari, baina haizeak bota ditu lurrera bi kontainer eta korapilatu dit ilea. 23:39 dio telefonoak. Lagunekin afaldu dut gure ostiraleroko tabernan. Barre asko-asko egin dugu, eta bihotza bete-beteta sentitzen dut. Etxera sartu eta ahizpa ikusi dut sofan, lotan. Manta bat jarri diot, eta kolakao bero-bero bat egiten hasi naiz. Sukaldeko nire aulkian eseri eta buruko mina zerk eragin didan ondorioztatzen edan dut kolakaoa. Ez zaizkit aukera asko okurritu, eta nekea izango dela pentsatu dut. Hori pentsatzea erabaki dut.

Joan den astean ikusi ez nuen La isla de las tentaciones-eko debatea jartzea okurritu zait, baina nahikoa buruko min dut honezkero. Ohera noa.

Spotify. “Mood intensa” playlista. Aleatorio. Play.

Ordenagailua ireki dut (koadernoan idazteak pereza ematen dit azkenaldian). Ez naiz idazterako garaian oso sakon jartzen den horietakoa, baina atzo izan nintzen Olaia Inziarteren kontzertuan, sudurra mukiekin itxita daukat, eta erabaki dut haizeak leihoaren aurka egiten duen zaratak ez nauela urduri jarriko; are, erromantizatu egingo dudala. Gaur bai, tokatzen da. Ea zer ateratzen zaidan.

Drive. “Nire gauzak” karpeta. Dokumentu bat sortu. Bota.

Betiko anekdotak kontatzen ditugu betiko moduan, eta betiko grazia egiten digute; ez dute indarrik galtzen ehun aldiz kontatuta ere

Aldaketa urtea izan da aurtengoa gure lagun-taldearentzat, beste askorentzat izango zen eran, bat joan baita Madrilera, eta bestea Tuterara; “hemen” gelditu garenok ere joan baikara Bilbora eta Gasteizera; eta ia asteburuoro itzultzen gara, baina joan ondoren. Bai, badakigu. Asko maite dugu drama.

Elkartzen garenero, abuztuaren 23a dela sentitzen dut; sentitzen dut familiarekin oporretatik itzuli naizela, azala ilun eta ilea argituta. Kotxean herrira sartu orduko begiratzen dut izkina bakoitza leihotik, ezer aldatu ote den egiaztatuz. Baina ez, betiko tabernan darraite betikoek betikoekin eta betikoaz hizketan. Etxera sartu orduko hozkailua irekitzen dut, gurera beste modarik iritsi ote den egiaztatuz. Baina ez, hor darraite betiko zereal integralek eta aitonaren baserriko sagarrek. Asentatzeko behar beste denboraz etxea zapaldu eta lagunengana jaisten naiz gero. “Aaaaiiiii!” hasperen egin bitartean besarkatzen dugu elkar. “Ei, ilea moztu duzu?”. “Tia, inauterien aurretik”. Barre egiten dugu.

Gaur ere jaitsi naiz lagunengana, non zeuden galdetu beharrik gabe, eta betiko mahaian topatu ditut. Garrantzitsuak izaten dira ostiral arratsaldetako zitak, pisuzko eguneraketak egiten baititugu poleo-menta bana eskutan hartuta. Aldiro izaten da, hala ere, eguneraketetatik iraganeko kontuetara salto egiten dugun momentua. Betiko anekdotak kontatzen ditugu betiko moduan, eta betiko grazia egiten digute; ez dute indarrik galtzen ehun aldiz kontatuta ere.

Baina ni ez naiz idazterako garaian oso sakon jartzen den horietakoa. Listo, agian noizbait helduko diot berriz ere testu honi.

Fitxategia. Gorde eta itxi. Ondo lo egin.

Larunbat goiza da. Orain konturatu naiz barre asko-asko egin genuelako itzuli nintzela atzo buruko minez etxera, eta horrek are beteago utzi dit bihotza.