Bizkaiko Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzak ez dio bizileku-baimena luzatu bihotzetik gaixo larri dagoen senegaldar bati. Giltzurrun-transplantearen ondoren errekuperatzen ari den beste atzerritar bat ere paperik gabe utzi du Espainiak.
Senegaldarraren kasuan, Espainiako Gobernuak bertan bizitzeko baimena eman zion “arrazoi humanitarioengatik”, baina urtebeteren ondoren ez dio berritu, txosten medikuetan ez omen delako azaltzen gaitzaren larritasuna. Gaixoak bihotzean aorta-balbula dauka txertaturik.
Giltzurrun-transplantea egin dioten atzerritarra kanporatzeko arrazoi bera erabili dute; Bizkaiko Ordezkariordetzaren esanetan, bere herrian –nigeriarra da– jarraitu dezake medikuntza tratamenduarekin.
Bi atzerritarrek kanporatuak ez izateko hilean 2.130 euroko diru-sarrera justifikatu behar dute –Espainiako Gobernuak ezarritako gutxienekoa hori da–, baina euren osasun egoera dela-eta ezin dute lanik egin.
Javier Galparsoro abokatuaren ustez osasun-laguntza unibertsala ukatzen duen Gobernuaren lege-dekretua “dramatikoa” bihurtzen ari da, eta halako egoera “jasangaitzetara” eraman ditu administrazioarentzat modu irregularrean dauden herritarrak.