argia.eus
INPRIMATU
Bihartik aurrera: ARGIA.eus berritua
  • Hainbat hilabeteko lanaren ostean, bihar ARGIA.eus berria publiko egingo dugu. Diseinu aldaketarekin webgunea tendentzia berrietara egokitzea izango da asmoa, eta horrekin batera, erabiltzaileak ikusiko ez badu ere, administrazio atal osoa berritu dugu, zeinak lagunduko digun kazetaritza hobea egiten.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2023ko urtarrilaren 24a

Asteazkenean irakurleak berrikuntza sumatuko du ARGIA.eus webgunean. Nagusiki, informazioa hobeto antolatu, hierarkizatu eta aurkeztea izango da aldaketaren helburua. Argia.eus-eko bi zutabe bertikal nagusien eskema alde batera utzi eta bloke horizontalagoen bidez sailkatuko dugu informazioa. Besteren artean, gailu mugikorretarako askoz egokiagoa da egitura hau.

Diseinua ere finduko dugu, horrenbeste artikuluren artean nabigazioa atseginagoa izan dadin. Eta ikusita mugikorren bidez sartzen direla milaka lagun egunero ARGIAra, gure webgunearen mugikorren bertsioa ere berrituko dugu.

Multimediak ere bultzada jasoko du, eta podcastez gain, ikus-entzunezkoen produkzioak ere leku nabarmena izango du. Esparru honetan berrikuntzak izango dira bihar, nazioarteko hedabide independente batekin duela zenbait urte abiatutako elkarlana sakonduz.

Gure ustez, mundu mailan jaun eta jabe den botere mediatiko neoliberalaren ozeanoan, kazetaritza independentea egiten duten hedabideek elkar lagundu behar dute, batez ere agendak partekatzen eta intereseko gaietan, elkarri oihartzun egiten. Hedabide handienek oso tresna boteretsuekin etengabe egiten duten bezala, hala nola albiste-agentziekin eta sare sozialetako multinazionalekin.

Administrazio atala ere berrituta

ARGIAren webguneak 25 urte dauzka –hemen gaiari buruzko erreportajea–, eta ikusten ez bada ere, barrualdeko administrazio gunea adabakiak bata bestearen gainean jarriz eraikita dago. Hasieran, digitalizatuta zeuden elkarrizketak eskaini ziren webgunean, gero astekariko erreportajeak, ondoren albisteak idazten hasi ziren, hemeroteka sareratzen hasi, multimediak, blogak, etiketak, online azoka… Atal bakoitza egin zen unearen erradiografiak dira ARGIAren webgunearen tripak –gaur gaurkoz 120.000 artikulu ditugu indexatuta, eta etorkizun hurbileko proiektua da 1919 urtera arteko guztia berdin eskaintzea–, eta lanerako moldatzen baginen ere, honetan ere, garai berrietara egokitzeko beharra ikusten zuen lantaldeak.

Kalean mugikorrarekin albiste bat eguneratu edo argazki bat atera eta bertatik albiste bat sortzeko gai izatea. Hori izan zen berrikuntza honen abiapuntua duela urtebete inguru; beraz, erabiltzaileentzat ikusezina izango den arren, lanerako darabilgun tresnaren administrazio gunean aldaketa oso garrantzitsua da. Zenbat eta tresna modernoagoak, lanaren emaitza hobea izango delakoan gaude.